argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Gobernuak iragarri du datorren astean hasiko dela preso politiko katalanen indultuak tramitatzen
  • "Indultuak tramitatzen hastea, ez da indultuak ematea. Albiste ona litzateke, kartzelatik aterako lirateke-eta, non ez luketen egon behar", adierazi du Laura Borrás JxCAT alderdiko diputatuak.

ARGIA @argia 2020ko irailaren 23a
Carme Forcadell da indultua jaso dezakeen politikarietako bat / Judith Esteban. Wikimedia

Hain justu, hark egindako galderari erantzunez aipatu du indultuarena Juan Carlos Campo Espainiako Justizia ministroak, Gobernuaren kontrol saioan.

Kataluniako prozesuagatik epaitutakoen artean, bi indultu eskaera daude. Dolors Bassa kontseilari-ohiaren indultua, zeinari hamabi urteko espetxe-zigorra ezarri dioten, UGT sindikatuak eskatu zuen. Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohiarena, berriz, beste hiru presidente ohik eskatu zuten: Joan Rigol, Ernest Benach y Núria de Gispertek. Forcadelli hamaika urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri diote.

Indultu-prozesuak 4 eta 6 hilabete artean iraun dezake, Vilaweb agerkariak nabarmendu duenez. Albert Batet JxCAT-eko diputatuak adierazi du, balizko indultuak indultu, gatazka politikoa konpontzeko ezinbestekoa dela autodeterminazio eskubidea eta amnistia onartzea. ERCko Marta Vilaltak, bestalde, esan du Gobernuak iragarritakoa ez dela "borondate onari erantzuten dion keinu bat", legeak markatzen duen prozesua baizik.