argia.eus
INPRIMATU
Gutxieneko soldata igotzeko Espainiako Gobernuaren proposamena: hilean 15 euro gehiago
  • Erabakia ez da ofiziala. Sindikatuek onartu egin behar dute oraindik; CEOE patronalak ezezkoa emango diola iragarri du. 2023. urterako, gutxieneko soldata Espainiako Estatuko batez besteko lansariaren %60 izatea nahi dute.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko irailaren 16a
Pentsiodunen mugimendua Bizkaian, gutxieneko soldataren alde. Argazkia: Ecuador Etxea

Espainiako Gobernuak soldata minimoa hamabost euro igo nahi du. Irailaren 1etik aurrera aplikatuko litzateke, atzeraeraginezko izaerarekin. Akordioa onartuz gero, 965 euroko gutxieneko lansaria jasoko dute langileek hilero, hamalau ordainketetan banaturik: urtero, 13.510 euro izango litzateke zenbatekoa; orain arte, 13.300 euroan zegoen (hilean, 950). Dena den, gobernuko bozeramaileek adierazi dute oraindik “akordioa ixteko” lanean ari direla. Ez dute ezer sinatu, patronalaren eta sindikatuen oniritzia falta baitute.

CCOOk eta UGTk 25 euroko igoera lortu nahi zuten azken akordio sozialean. Bestalde, aurtengo aldaketa onartzeko baldintza gisa jarri zioten Espainiako Gobernuari 2022. urtean gutxieneko soldata 1.000 eurora igotzeko konpromisoa hartzea. Unai Sordo CCOOko buruak adierazi du epe luzerako prozesuaren alde egingo dutela: 2022 eta 2023 urteetan ere igoerak planteatzeko bide orria prest izan nahi dute.

Bruselak emandako gomendioak betetzeko, gutxieneko lansariaren zenbatekoa estatuko batez besteko soldataren %60 izan beharko da 2023an. Hau da, 1.027 eurora heldu beharko da soldata minimoa eskakizunak betetzeko. Lehen pauso gisa planteatu dute azken aldaketa: 12 eta 19 euro arteko igoera proposatu dute gobernutik, eta, azkenean, erdibidean utzi dute igoera. 

Patronalaren iritzia

Izan ere, CEOE patronaletik ezezkoa jaso dute etengabe. Antonio Garamendi elkarteko presidenteak Antena 3 espainiar kateari esan dionez, mantendu egingo dute beren planteamentua: “Hamaika akordio handi egon dira, eta gu bertan ez gauden lehen aldia da hau. Haiek [gobernuko kideak] jakingo dute. [Hitz egiteko] eseri gara, etengabe. Gure iritzia garbia da. Argi esan dugu ez dela momentua gutxieneko soldata igotzeko. Enplegu gutxiago egongo da, ezkutuko ekonomia”.

Confebask euskal patronalak, berriz, irailetik esan izan du igoerarekin tentuz jokatu behar dela. EAEn gutxieneko soldata jasotzen duten beharginak ostalaritzan, lehen sektorean eta etxeko lanetan jarduten duten pertsonak izan ohi direla zehaztu dute, eta hiru sektore hauek direnez berreskuratze ekonomikoan atzetik doazenak, soldataren igoerak errekuperaziorako “oztopoak” eragingo lituzkeela.

Eragile sozialek sarritan aldarrikatu dute, Europako Gutun Sozialak esaten duena ezarriz gero, gutxieneko soldata 1.200 eurokoa izan behar lukeela Euskal Herrian.