argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Gobernuak ez du ordezkaritzarik bidaliko Quim Torraren kargu-hartze ekitaldira
  • Espainiako Gobernua ez da joango Quim Torra Kataluniako presidente egingo duten ekitaldira, argudiatuz Kataluniako Gobernutik “gobernu ordezkaritza baten maila inposatu”  nahi dietela eta “Generalitateak antolatutako ekitaldiak instituzioaren duintasuna degradatzen duela”.

Maddi Txintxurreta @mtxintxurreta 2018ko maiatzaren 17a

Generalitateko jauregian egingo da presidente berriaren karguaren zina. Han izango dira Parlamentuko presidente Roger Torrent eta Torraren senideak.

Karguaren zina

Carles Puigdemonten Gobernura arte, presidentearen kargu-hartze ekitaldiak horrela antolatu dira: Kataluniako Parlamentuko presidenteak hautagaiari galdetzen zion ea “Kataluniako Generalitateko presidente karguaren betebeharrak zintzotasunez beteko zituen erregeari, Konstituzioari eta Autonomia Estatutuari eta Kataluniako instituzioei errespetuz”.

Puigdemonten kargu-hartzean, aldiz, orduko Parlamentuko presidente Carme Forcadellek eskemak apurtu zituen eta presidente ohiari galdetu zion ea zin egiten zuen “Generalitateko presidente karguaren betebeharrak zintzotasunez beteko zituela Parlamentuak ordezkatzen duen Kataluniako herriaren nahiei errespetuz”.

PSOEko buru Pedro Sanchezek esan du lege aldaketa proposatuko duela kargu-hartze ekitaldietan Konstituzioari zin egitea derrigorrezkoa izan dadin. Hauteskunde legea aldatuz edo baita horretarako espresuki arau bat sortuz egin daitekeela azaldu du Sanchezek.