Espainiako Gobernuaren 2022ko aurrekontuak babestu zituen EH Bilduk, besteak beste, ETB3 Nafarroa guztira zabaltzeko akordioa sinatuta. Administrazioan Euskaraz Taldeak salatu du PSOEk ez duela hitza bete eta EH Bilduk ez duela presiorik egin.
Espainiako Gobernuak ez du bete ETB3 Nafarroa guztira zabaltzeko akordioa. 2022ko Espainiako Gobernuaren aurrekontuak babestu zituen EH Bilduk, akordio baten bidez. Besteak beste, euskarazko telebista katea Nafarroa guztira zabaltzea hitzartu zuten bi aldeek.
Administrazioan Euskaraz Taldeak salatu du PSOEk ez duela hitza bete, "gai honetan ere". Horrez gain, azaldu du "zapuztuak eta engainatuak" sentitzen direla, EH Bilduk ez duelako akordio hori betetzeko presiorik egin. "Akordio horren bidez argazkia ateratzea zen helburua?".
Gaur egun, Nafarroako lehenengo multiplex autonomikoan lau kate daude: ETB1, ETB2, Navarra Televisión eta Navarra Televisión 2. ETB3 Nafarroa osoan ikusi ahal izateko, bi bide ditu Espainiako Gobernuak: Nafarroako Gobernuari bigarren multiplex autonomikoa onartzea, eta oraingo multiplex autonomikoaren bidez bosgarren kanala, ETB3, jartzeko baimena ematea.