argia.eus
INPRIMATU
Rajoyren Gobernuak ez du asmorik Euskal Y-a eta Espainia AHTz lotzeko
  • Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak Euskadi Irratiari adierazitakoaren arabera, informazio gutxi eskaini du Espainiako Gobernuak Gasteiz eta Burgosen loturaz, baina bere ustez orain arte jakindakoa “arraroa” da.

ARGIA @argia 2013ko abenduaren 13a
AHTren aurkako elkarretaratzea. Argazkia: Ateak Ireki.

Eusko Jaurlaritzak ez du gaiari buruzko informazio zuzenik eta ofizialik, baina dirudienez, Espainiako Gobernua bigarren mailako trenbide mota bat ari da aztertzen Gasteiz Burgosekin lotzeko. Oregiren ustez, Europarekin lotura egin behar duen trenbide sare batean ezohikoa litzateke hori.

2006an Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmena sinatu zuten eta batzordea sortu Abiadura Handiko Trenaren lanak zehaztu eta jarraipena egiteko. Lehen bilera hartatik atzo arte bildu gabeak ziren.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak Euskadi Irratian esandakoaren arabera, Jaurlaritzak hartutako konpromisoak beteko ditu 2016rako. Soilik lan horiek burututa ordea, ez litzateke nahikoa Abiadura Handiko Trena igarotzeko. Espainiako Gobernuak bestelako lan batzuk bukatu beharko lituzke. Oregiren ustez, 2018a baino lehen ez da Abiadura Handiko Trena abian izango.

EAEko lehendakari Urkulluren eta Oregiren ustez, Euskal Y-a ez da isolatuta geratuko. Beste kontu bat da abiadura azkarreko zati horiek zein kalitateko loturak izango dituzten Espainiarekin eta Frantziarekin.

EH Bilduren iritziz, "zorakeria" da Abiadura Handiko Trenaren lanekin jarraitzea.