argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Gobernuak ETAren armagabetzea ezkutatzeko agindu zion RTVEri
  • CCOO sindikatuak salatu du apirilaren 8ko albistegiak Moncloatik eta Barne Ministeriotik zuzendu zirela. ETAren armagabetzea albistegien 15. minutuaren ostean aipatu behar zutela agindu zuten.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko apirilaren 12a
Mariano Rajoy TVEko elkarrizketa batean. Mariano Rajoy TVEko elkarrizketa batean.

CCOO sindikatuak zabaldu duen komunikatuan dio EAEko TVEk adituez osatutako operatibo berezi bat prestatu zuela gertakariaren berri emateko, baina Moncloatik asmoa geldiarazi zutela. CCOOren arabera, Moncloatik EAEko RTVEren zuzendaritzari deitu eta “konfiantzazko jendea nahi dugu, zuk badakizu!”, agindu zioten. Hala, hasiera batean Baionara joan behar zutenak ez ziren joan lan hori egitera.

Espainiako Gobernuak eduki zehatz batzuk ere zentsuratu zituela dio sindikatuak. Iñigo Urkullu lehendakaria eta Ram Manikkalingan Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kidearen arteko bilera, Baionako ekitaldia, Frantziako Barne Ministroaren hitzak eta Arnaldo Otegiren adierazpenak ezkutatzeko agindu zuen Espainiako Gobernuak.

Mexikotik kexuak RTVEri

Martxoaren 30ean RTVEko buru Jose Antonio Sánchezek Latinoamerikari buruz esandakoengatik, Roberta Lajous Mexikok Espainiako Estatuan duen enbaxadoreak kexa ofizial bat helarazi dio Kanpo Gaietarako Ministerioari. Madrilgo Casa American emandako hitzaldi ofizial batean “Espainia ez zen inoiz kolonizatzailea izan, ebanjelizatzailea eta zibilizatzailea izan zen”, eta “inperio aztekaren desagertzeagatik penatzea, II. Mundu Gerran nazien porrotagatik penatzea bezalakoa da”, bezalako esaldiak esan zituen. Hitzok asko zabaldu dira Latinoamerikan eta ezinegona sortu dute sare sozialetan.