argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Inteligentzia Zerbitzuek ez dutela zerikusirik Pablo Gonzalezen atxiloketan dio gobernuak, baina “bisita egin ziotela etxera”
  • Espainiako Defentsa ministro Margarita Roblesek asteazkenean baieztatu du Espainiako Inteligentzia Zentroak (CNI erderazko sigletan) Pablo Gonzalez kazetaria ikertu egin zuela. Jon Iñarritu EH Bilduko legebiltzarkidearen galderei erantzunez, ministro espainiarrak baieztatu du inteligentzia zerbitzuek "bisita egin ziotela" etxera.

Axier Lopez @axierL 2022ko martxoaren 10a
Pablo Gonzalez kazetaria eta EHUko doktoregaia. Argazkia: Eulixe

Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuaren galderei erantzun die Margarita Roblesek asteazken honetan. Iñarrituk salatu du Espainiako Gobernuak askoz gehiago egin beharko lukeela Pablo Gonzalezen egoera hobetzeko, besteak beste, astebete baino gehiago daramalako inkomunikatuta familiarekin eta abokatuarekin komunikatu ezinik.

"CNIk bisita egin zion, jakin genuelako herrialde batean edo bestean egon zela, eta han kontu batzuk egotzi zizkioten", onartu du Roblesek. Roblesek aipatu bisita horiek CNIko kideek Gonzalezen amaren, bikotekidearen eta lagunen etxeetara egindako bisita eta galdeketak dira. Defentsa ministroak gaineratu du CNIk ez duela zerikusirik kazetari bizkaitarraren atxiloketa eta espetxeratzearekin. CNIren bisita jaso zuen pertsona batek Público egunariari azaldu zionez, “egoera surrealista” izan zen, agenteek azaldu zieten Gara-n lan egiteaz akusatu zutela González –haien arabera “ETAren aldeko hedabide bat, Errusiak subentzionatua”–, baita Errusiari informazioa pasatzeaz ere.

Pablo Gonzalez otsailaren 28an atxilotu zuten Przemyl-en, Poloniak Ukrainarekin duen mugan, eta segurtasun handiko espetxe batean dago ordutik, Rzeszow-n, Varsoviatik 400 kilometrora. Errusiako Inteligentzia militarreko agentea izatea leporatu diote, hainbat hedabidetarako errefuxiatu ukrainarren krisia jorratzen zuen bitartean. Espioitza-delituak hamar urte arteko espetxealdiko zigorra dakar Polonian.