Larunbaterako deitutako mobilizazioa debekatu egin du Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Delegazioak. Deialdiaren erregistroa egin zuen pertsonak mobilizazioa deitzeari uko egingo dio, eta bere tokian Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak eutsiko dio deialdiari.
“Borrokak ez du etenik. Amnistia osoa!” lelopean, manifestazioa zegoen deituta Iruñean ekainaren 27ko larunbaterako. Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak asteazkenez bidalitako idatzian jakitera eman duenez, baina, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Delegazioak debekatu egin du deialdia, komunikazioa epez kanpo egin dela eta manifestazioa urgentziaz deitzeko motiborik ez dagoela argudiatuta. Mugimenduak aitzakiatzat jo ditu argudio horiek: “Aitzakia diogu manifestazioen debekuak etengabeak direlako Nafarroan, hauek faxistek deituak ez direnean. Patxi Ruizen egoera salatzeko manifestazio bat debekatu zuten Iruñean, maiatzean, larrialdi sanitarioaren aitzakiapean. Ez ordea Vox alderdi faxistarena edo zezenketen aldekoa, izan ere Vox, PSOE, Podemos eta zezenketa-zaleak sistema eta interes berberen kudeatzaile edota onuradunak dira”.
Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak adierazi adierazi du herriak ez diola baimenik eskatu behar inori bere eskubideak gauzatzeko, “are gutxiago eskubide horiek urratzen dituztenei”. Hala bada, beraiek hartuko dute manifestazioa erregistratu zuen pertsonaren lekukoa, eta deialdiari eutsiko diote debekuak-debeku. Hala, larunbatean, hilak 27, Iruñeko Errekoleten plazatik abiatuko da manifestazioa 18:00etan.