argia.eus
INPRIMATU
Etxegabetzeak debekatu ditu Espainiako Gobernuak alarma-egoera amaitu arte
  • Espainiako Gobernuak debekatu egin ditu etxegabetzeak eta beharrezko horniduren mozketak, alarma egoera amaitu arte, hau da, maiatzaren 9a arte. 

Jone Markuleta @JMarkuleta 2020ko abenduaren 23a
2019ko azaroan Iruñeko Lezkairu auzoan egin zuten etxegabetze baten aurkako ekintza (argazkia: Ekinklik).

Espainiako Gobernuak abenduaren 22ko Ministroen Kontseiluan onartu du, alarma egoera ezarrita dagoen bitartean, bertan behera geratzen direla etxegabetzeak eta etxebizitza alternatiborik ez duten familiek beharrezkoak dituzten hornidurak moztea, hala nola, argia, ura eta gasa. Lege hau ezarrita egongo da alarma egoera amaitu arte, maiatzaren 9ra arte. 

Ministroen Kontseiluaren bileraren ostean emandako prentsaurrekoa jaso du EITBk eta informazio horren arabera, Jose Luis Abalos Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda ministroak azpimarratu du arau berria "ezohikoa" dela eta "aparteko zailtasunak ditugun une baterako" hartu dutela. "Ez duela etxebizitza okupatzea legitimatzen" ere erantsi du eta aginduak "berme judizialak indartzen" dituela. Etxebizitzan eskumena duten gainerako administrazio publikoak ere agindu honen menpe geratuko direla zehaztu du gainera, tartean Hego Euskal Herriko bi autonomia erkidegoak.

Konpentsazioak etxe-jabeentzat

Espainiako Gobernuak onartutakoaren arabera, kontratua duten maizterrek eskaera aurkeztu beharko dute epaitegian, eta gizarte-zerbitzuek erabakiko dute egoera zaurgarrian dauden ala ez. Jabeek, bestalde, konpentsazio bat eskatzeko eskubidea izango dute, baldin eta gizarte-zerbitzuek epaileari aurkeztutako txostenean kaltetutakoen urritasun ekonomikoa egiaztatzen bada. Jabeen konpentsazio hori, etxea kokatuta dagoen ingurunearen alokairuaren batez besteko prezioa izango da. Prezioa erreferentzia-indizeen arabera zehaztuko da. 

Era berean, hiru hilabetez geldiaraziko dira kontraturik gabeko familia zaurgarrien etxegabetzeak, baina soilik edukitzaile handien etxebizitza hutsak okupatzen badituzte, hau da, hamar etxe baino gehiagoren jabeak direnen kasuan. Gainera, etxegabetze horien kasuan, adingabeak edo mendekoak euren ardurapean izatea edo indarkeria matxistaren biktima izatea ezinbesteko baldintzak izango dira etxegabetzetik libratzeko. 

Kasu guztietan, etxegabetze bat gauzatu ahal izateko, agintariek kaltetuentzako bizileku-aukera duina bermatu beharko dute, eta hori ezingo da aterpetxe edo kiroldegi bat izan. Autonomia erkidegoen esku geratuko da bizitoki alternatiba hori eskaintzea eta hiru hilabete izango dituzte horretarako.