Espainiako Estatuko lurraldean dauden gazte migratzaileei eragiten die lege berriak: pandemia garaian nekazaritzan hasi zirenek bi urterako lan baimena eta erresidentzia baimena lortu ahalko dute. Pandemian mugak itxi izanaren ondorioz, beste urteetan migranteek nekazaritzan egiten zituzten lanak egiteko 75.000 eta 80.000 langile artean behar zituela kalkulatu zuen Gobernuak. Hori horrela, apirilaren 7an onartu zuen Gobernuak lehen legea, eta maiatzaren 26an lege hori beste hiru hilabeterako luzatu du.
Pandemiak estatu gehienetako mugak ixtea ekarri du, eta ondorioz, atzerriko eskulan merkeari sarrera debekatzea. Espainiako nekazaritza sektorea da horren adibidea; mugak ixtearekin batera, langilerik gabe geratu da. 75.000 eta 80.000 langile inguru behar dituztela kalkulatu dute, eta horren aurrean Gobernuak apirilaren 7an onartutako Errege Dekretuak 18-21 urte arte izanik erresidentzia baimena zuten migratzaileei lan baimena eman zien. Baimen hori ekainaren 30 artekoa zen, eta Gobernuak beste hiru hilabetez luzatu du.
Apirilaren 7az geroztik Gobernuaren Errege Dekretuaren bidez nekazaritzan aritzeko baimena eskuratu duten gazteek, orain 2 urterako lan eta erresidentzia baimena eskuratu ahalko dute. Lan baimen hori ez da nekazaritzari lotua egongo, edozein sektoretarako balioko du.
Espainiako Gobernuak, lege horren bidez, “uzta jasotzeko esku nahiko egotea” bermatu nahi du. Kolektibo antiarrazistek denbora luzean izandako eskaera izan da migratzaileen egoera erregulatzekoa, baldintzarik gabe. Gobernuak hartutako erabakiak izaera merkantilista duela kritikatu dute, migratzaileak “erabiltzeko eta botatzeko” kontratuak sustatzen dituela argudiatuta.