argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Gobernuak autonomo faltsuen kontratua aldarazteko legea onartu du
  • Espainiako Gobernuak autonomo faltsuen kontratua aldaraziko duen legea onartu du eta abuztuan sartuko da indarrean. Sindikatuen ustez, legea ez da nahikoa langileen prekarietate egoera konpontzeko eta enpresei mesede egiten jarraitzen duela adierazi dute. 

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko maiatzaren 12a

Espainiako Gobernuak Glovo, Deliveroo eta beste plataforma batzuetako autonomoak soldatapeko bihurtzea ahalbidetzen duen Rider-en legea onartu du. Legea abuztuan sartuko da indarrean eta autonomo faltsu izatetik hirugarren batentzat lanean ari direnen kontratuak lortzeko aukera izango dute.

Banatzaile ugari aritu dira salaketa kolektiboak egiten. Pasa den astean Bilboko Gizarte arloko auzitegi batek Glovoko 285 langileren aldeko epaia eman zuen eta Glovorekiko lan-harremana aitortu zaie. Nafarroan ere beste salaketa baten prozedura aurrera doa eta bi salaketek eskaera bera egin dute: autonomoak izan ordez, beste batentzat lan egiteko kontratua izatea.

 "Motz" geratzen den legea

LAB sindikatuarentzat Bilboko langileen lan-harremanaren aitortza mugarri bat da eta rider-en legea lagungarria izango dela adierazi dute. Hala ere, ostalaritzako lan hitzarmenaren barruan egon daitezela nahi dute, legeak ez baitu zehazten zein sektoretako langileak izan beharko luketen. Gainera, autonomo faltsuen auzia konpontzeko “motz” geratzen dela uste dute, ez baititu jasotzen beste sektore batzuetako langileen egoera prekarioak eta banatzaileen arlora mugatzen baita.

RidersxDerechos banatzaileen sindikatuak negoziazioetan parte hartu du eta urteak daramatza autonomo faltsuen prekarietate egoera salatzen. Komunikatu baten bidez adierazi dutenez, ez daude ados legearekin: "Ez da nahikoa". Haien eskakizunen ildotik doan arren, enpresei mesede egiten jarraitzen baitu. Patronalei legea aplikatzen hasteko lau hilabeteko epea eman izana "onartezina" da erakundearentzat: "Gure lan-eskubideak ezin dira egun bat gehiagoz urratu". Gainera, egoera prekarioetan lan egiten duten beste sektoreak kanpo uzten dituela gogorarazi dute. “Ateak zabalik uzten ditu beste kolektibo askoren uberizaziorako, eta horrek eskubideen galera orokorra ekarriko du”. Paperik gabeko migratzaileak ere kontuan hartzen ez dituztela gaineratu dute.

Legeak ez du enpresak zigortzeko neurririk jasotzen eta ez da behatoki fiskalizatzailerik sortu. Sindikatuaren ustez, behatoki horrek ez luke patronalaren parte hartzerik izan behar, “ezinbestekoa baita langileen lan-eskubideak eta lan-baldintza duinak errespetatzen direla zaintzeko”.