Osasun ministro Salvador Illak esan du asteazkenean Kongresuak Alarma Egoeraren dekretuaren luzapena onartuz gero, horrek eskumena ematen diola berari neurriak ezartzeko. Eta hartuko dituen neurri horien artean haurrei paseoak emateko aukera dagoela.
Illak ez du azalpen gehiago eman nahi izan gai honen inguruan. Kazetariek galdetu diote ea zergatik aldatu duten jarreraz lau ordutan eta paseoak bermatzea zehazki zer esan nahi duen. Ez duela krontraesanik ikusten goizean eta arratsaldean gobernuak adierazitako neurrien baldintzen artean, eta "zuhurtziaz" jokatzen jarraituko dutela adierazi du, betiere "gizarteari eta adituei entzuten dakien gobernua delako Espainiakoa".
Eguerdian, aldiz, Espainiako Gobernuak adierazi du 14 urtetik beherako haurrek helduak laguntzeko aukera izango dutela, besteak beste, "erosketak egin, bankura edo farmaziara joateko". Hala iragarri du Maria Jesus Montero bozeramaileak.
Kritika asko ordu gutxian
Kritika asko jaso du goizeko neurriak. Alarma Egoeraren luzapen berria ez babesteko mehatxua egin du PPk: "Dekretua aztertuko dugu eta erabakiko dugu". Ciudadanos alderdiko bozeramaile Ines Arrimadasek haurren neurria aldatzea eskatu du.
Mas País, ERC eta Madril, Aragoi, Andaluzia eta Galizako ordezkariek, besteak beste, argi kritikatu dute dute haurrak heldu batekin supermerkatura, farmaziara edo txakurra paseatzera joateko neurria. Zentzugabekeritzat jo du horietako askok, tartean, Generalitateko presidente Quim Torrak esan du neurria "absurdua" zela.
Podemos barrutik ere kritikak
Osasun ministroaren prentsaurrekoaren aurretik, Pablo Echeniqueren ahotik, Podemosek eskatu dio bera kide den Espainiako Gobernuari jarreraz alda dezan. Aurretik, Bartzelonako alkate Ada Colauk jarrera aldatzeko eskatu dio gobernuari. Teresa Rodríguez Andaluziako parlamentariak eta Arabako Podemoseko diputatu Juan López de Uraldek publikoki ere kritikatu dute neurria.
Sare sozialetan ere oihartzun handia izan dute kritikek. Euskaraz #SOShaurrak eta gaztelaniaz Espainiako Estatuan joera nagusia izan den #NiñosEnLaCalleYA traoletan kritika asko aurki daiteke. Protesta horien artean, euskal herritar batek abiatutako sinadura bilketa dago. Bost ordutan 120.000 sinadura lortu ditu haurrak aire zabalera, eta ez supermerkatura, irteten utz ditzatela eskatzeko.