ARGIAko kazetari Axier Lopezi ezarritako isuna bertan behera utzi du Espainiako Gobernuak, Javier de Andres EAEko Espainiako ordezkariaren bitartez. Hedabide honek isunari ezarritako helegitearen ondorioz, martxoaren 13an epaiketa egitekoa zen Gasteizen. Epaiketa egin gabe, ARGIAk ez du isunik ordaindu beharko kazetaritza egiteagatik.
2016ko martxoaren 3an Espainiako Poliziak kalean egindako operazio baten berri emateagatik ezarri zioten isuna ARGIAri. Ordutik Espainiako Gobernuak urtebetez defenditu ditu ARGIAren aurkako zigorra eta isunaren arrazoiak. PP alderdiaren erabateko bakardade politikotik, kontra egin diete eragile ugarik: Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko kazetari elkarte guztiek, adierazpen askatasunaren eta prentsa askearen aldeko nazioarteko eragile askok eta Espainiako Arartekoak berak, besteak beste.
Txio honen harira zigortu nahi izan dute ARGIA:
Naroa Azirnabarreta Eibarren atxilotu duten unea https://t.co/CqNrfJO2NW pic.twitter.com/Ex4Rejjkj8
— Axier Lopez (@axierL) 2016(e)ko martxoak 3
Epaiketa egiteko egun batzuren faltan, auzian amore ematea erabaki du Espainiako Gobernuak, isunaren forma arazoak argudiatuz. Hau da, kasua epaiketara iristear denean, duela urtebete isuna jartzean ez zutela behar bezala argudiatu dio Gobernuak. Urtebetez guztiz kontrakoa defendatu ostean, Espainiako Gobernuak nahiago izan du isun zehatz honen aurrean amore ematea, Mozal Legea epaitegietan ezbaian ikustea baino. Forma arazoak argudiatuz, isunaren edukiaz –Mozal Legearen 36.23 artikulua eta Polizia grabatzeko eskubidea– hitz egitea saihestu dute.
Mozal Legearen 36.23 artikulua aplikatuz zigortu duten lehen kasua izan da Espainiako Estatuan. Baita haren aurkako lehen garaipena ere.
36.23 artikuluaren aplikazioaz aurrekari garrantzitsua
Mozal Legearen artikuluen artean 36.23 da aurkakotasun handiena piztu duenetako bat. Artikulu horrek 601 eta 30.000 euro arteko isuna jartzeko aukera ematen du polizien irudiak edo datu pertsonal edo profesionalak zabaltzegatik, beti ere "agentearen edo bere senideen segurtasuna arriskuan jarriz gero".
Argazki edo datu horien "egokitasuna" aztertu eta isuna jartzeko eskumena Poliziarena da, tartean epailerik edo bestelako entitate independenterik izan gabe. Polizia "protagonista eta epaile" bilakatzen du. Eskubide zibil eta politikoen defentsan aritzen diren taldeak eta kazetari elkarte gehienek salatu dute funtzionario publikoen lanaren berri emateko eskubidea urratzen duela artikulu honek.
Auzi honetan lortutako garaipena aurrekari garrantzitsua izango da poliziak lanean grabatzea herritar eta kazetari guztion eskubidea dela berresteko. Hala aldarrikatu dugu ARGIAn ere, eta horren azken froga da "Polizia grabatzea ez da delitua" erreportaje sorta, Ahotsa, Topatu, Ekinklik eta Hala Bedi herri hedabideek Eleak/Libre mugimenduarekin elkarlanean sortutakoa.