argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Gobernuak argindarra igo eta elikagaien BEZaren beherapena mantenduko du
  • Espainiako Gobernuak krisiaren aurkako neurri ekonomiko berriak iragarri ditu abenduaren 27an. Neurrien artean, ekainera arte luzatu du oinarrizko elikagaien BEZak zeukan beherapena, baina elektrizitatearena eta gasarena %10era igo ditu. EAJk bankuen eta energia enpresen “inbertsio estrategikoak” pizgarri batekin arintzea adostu du Espainiako Gobernuarekin, eta EH Bilduk pertsona zaurgarrien etxegabetzeek etenda jarraitzea.

ARGIA @argia 2023ko abenduaren 28a
EAJk bankuen eta energia enpresen “inbertsio estrategikoak”, alegia, trantsizio ekologikora bideratutakoak, pizgarri batekin arintzea adostu du. (Argazkia: Dani Blanco / CC BY-SA)

Espainiako Gobernuak krisiaren aurkako zortzigarren Errege Lege Dekretua aurkeztu du eta 2023aren balantzea egin du. Hartu dituen neurri ekonomiko berrien artean, ekainera arte oinarrizko elikagaien BEZaren beherapena luzatzea dago. BEZa %4tik %0ra jaitsita mantenduko da premia handiko elikagaietan (esnea, ogia, arrautzak, lekaleak edo barazkiak), eta %10etik %5era jaitsita olio eta pastetan.

Energiari dagokionez, argindarraren BEZa %5etik %10era igoko da. 2021ean, %5era jaitsi zuen Gobernuak. 2024 osoan mantenduko du %10ekoa. Gasaren BEZa %5etik %10era igoko da lehen hiruhilekoan, eta %21era gero.

Garraio publikoan, aldirietako, Rodalies eta Renfe Distantzia Ertaineko ohiko erabiltzaileentzako doakotasuna luzatzen da, baita estatuaren eskumenekoak diren garraio erregularreko zerbitzu publikoetan ere. Bestela da eskualdeko eta tokiko administrazioen mendeko garraioan. Horietan, Estatuak %30eko dirulaguntza mantenduko du, betiere gobernu autonomikoek %20ko deskontua egiten badute. Hala, garraioaren prezioa, oro har, %50 jaitsita egongo da.

EAJk adostutakoak

EAJk Espainiako Gobernuarekin bi gauza adostu ditu. Batetik, energia enpresen eta bankuen zerga kontzertatzea, eta bestetik, langileen errelebo kontratua luzatzea.

Lehenari dagokionez, bankuei eta energia enpresei ezarritako ezohiko zamak zerga sisteman sartuko dira hitzarmen edo kontratu bidez. Hala, EAEk eta Nafarroak kudeatuko dituzte. Beraz, energia enpresek eta bankuek ohiz kanpo dituzten irabazien gaineko zerga mantenduko da. Alabaina, “inbertsio estrategikoetan” pizgarri batekin arinduko dira, alegia, "trantsizio ekologikoan" inbertitzen baldin badute.

Erdietsitako beste akordioari dagokionez, langilearen errelebo kontratua urtebetez luzatzea erabaki dute. Akordioa adostu duten PSOE, Sumar eta EAJren arabera, erabakiak lantaldeak gaztetuko ditu industrian eta aldaketa handiak bizitzen ari den sektorean formakuntza erraztuko du.

EH Bilduk egoera zaurgarrian daudenen etxegabetzeak etetea adostu du

Espainiako Gobernuarekin egindako akordioaren arabera, pertsona zaurgarrien etxegabetzeak debekatzeko epea luzatu egingo da. 2024 osoan mantenduko da. Neurri hori, krisiaren aurkako planean, etxebizitza-arloko nagusia da, eta pandemiaren kolpea mugatzeko 2020an abian jarri zen talka-planetik dator. Pertsona zaurgarriek, etxegabetzea ez gautzatzeko, hainbat baldintza bete behar dituzte.