argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Gobernuak 62.400 test egingo ditu koronabirusa gainditu dutenen kopurua jakiteko
  • Diagnostiko-froga egin ezin izan duten etxeetan egingo dituzte testak, 30.000 bat etxetako familiako kide guztiei. Negatiboa emanez gero, 21 egunen buruan errepikatu dute froga. Datuen arabera, kaltetuen %80ari ez diote frogarik egin.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko apirilaren 07a
Koronabirusaren test bat. Argazkia: El EspaƱol.

Test horien bidez koronabirusa zenbat pertsonak gainditu duen jakin nahi dute, baina horrez gain, koronabirusaren agerraldi berriak sortzeko aukera zenbatekoa den ere jakin nahi dute. Horren arabera erabakiko dute konfinamenduko neurriak zer abiaduratan indargabetu. Izan ere, Espainiako Estatuan birusak ez du eragin bera izan, eta beraz, konfinamenduaren amaiera homogeneoki baino leku bakoitzaren ezaugarriei lotuta izan daitekeela adierazi du gobernuak.

Testak ez dituzte osasun langileek egin beharko, odola atera beharreko kasuetan izan ezik. Atzamar puntan zauritxo bat egin eta hortik odol lagina hartuta osatzen da testa. INE Espainiako Estatistika Institutu Nazionalaren laguntzarekin egingo dituzte, eta beren kalkuluen arabera, testak zazpi egunean egiteko 500 lantalde arituko beharko dira horretan.

Azpimarratu dute testa ez dela derrigorrezkoa eta pertsona bakoitzak baimena eman beharko duela, baita haurrek ere. Dena den, krisi egoera dela eta parte-hartze oso altua espero dute.