argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Gobernuak 5 urtez gorako umeen txertatzea onartu du eta abenduaren 15ean ekingo diote EAEn
  • Espainiako Osasun Publikoko Komisioak onartu du 5 eta 11 urte bitarteko umeei Pfizer txertoak jartzea. Abenduaren 13an iritsiko dira lehen dosiak. Iragarpenaren ostean, Eusko Jaurlaritzak adierazi du abenduaren 15ean ekingo diola 5-11 urteko umeak txertatzeari.

2021eko abenduaren 07a

Espainiako Osasun Publikoko Komisioa, Espainiako Osasun ministerioko eta autonomia erkidegoetako teknikariek osatzen dute eta gaur onartu dute 5 eta 11 urte bitarteko umeei Pfizer txertoa ematea. Bi dosi izango ditu eta ez da disolbatu beharrik. Abenduaren 13an jasoko ditu Espainiako Gobernuak lehen 1,3 milioi dosiak.

Modernak ere prest du umeentzako txertoa eta Europako Medikamentuen Agentziak argi berdea ematearen zain dago.

EAEn, abenduaren 15etik aurrera

Berria jakin ostean etorri da Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren iragarpena: Osakidetzak abenduaren 15ean hasiko du 5 eta 11 urte arteko haurren txertatzea. Lehenengo, 11 urtekoekin hasiko da, eta adinean hortik behera egingo du.