2023ko urritik armamentua erosteko 40 kontratu sinatu ditu Espainiako Estatuak Israelekin eta hango enpresekin, horien erdia azken urte erdian. Horietako kontratu batekin ika-mika piztu da Espainiako Gobernua osatzen duten PSOE eta Sumarren artean, bereziki azken horren barnean, eta, azken orduotako informazioen arabera, PSOEk atzera egingo du azkenean.
Pasa den astean ezagutarazi zen Espainiako Gobernuak bost milioi euro baino gehiagoko kontratu bat sinatuko duela Israeleko enpresa batekin, 15.300.000 suzko bala erosteko, nahiz eta Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak kontratua ezeztatuko zuela ziurtatu. Baina aurrera egin zuen, kontratua atzera botatzeak kalte-ordain handiak pagatzea eragingo zuelako. Ostegun arratsalde honetan jakin da, dena dela, PSOEk atzera egin eta kontratua desegingo duela. Orain, oposizioan dagoen eskuina eta eskuin muturra gobernuaren aurka egiten ari dira, kalte-ordainetan galera handiak izango direlako.
Adierazpen haiek egin zituen egunetik, edonola ere, beste bederatzi kontratu itxi ditu Espainiako Gobernuak armagintza arloko enpresa israeldarrekin. El Diario-k jakinarazi duenez, Espainiako Kontratazio Publikoaren Plataforman Israelgo enpresei esleitutako beste bederatzi erosketa agertzen dira, gutxienez, formalizatzeko zain.
Armak erosteko jai-egunik ez
Guardian Homeland Security enpresa israeldar bera da iragan astean Espainiako Gobernuak itxi zuen 15 milioi balen erosketaren onuraduna. Erosketaren tramitazioa aste santuko oporraldi betean egin da, Sektore Publikoko Kontratazio Plataforman Ostiral Santuan argitaratuta jaiegun batez. Kontratuan Imi Systems LTD enpresa azaltzen bada ere, Guardian Homeland Security S.A.ren identifikazio fiskaleko zenbaki bera du, eta, El Diario-ren ikerketaren arabera, Israelgo Defentsa Ministerioaren jabetzakoa da. Era berean, Israelgo Indar Armatuen munizio hornitzailea ere bada.
Fernando Grande-Marlaskak adierazi du 2024ko urriaren 29an kontratua desegiteko azterlana abiarazi zuela gobernuak, baina azkenean erosketarekin aurrera egitea erabaki zuela, Estatuko Abokatutzak hala gomendatu ziolako. Marlaskak esana, abokatutzaren arabera, kontratua ezeztatuz gero enpresari ordainketa berdin egin beharko lioke gobernuak.
Espainiako Estatuaren eta Israelen arteko hartu-emanak etengabekoak izan dira azken urteetan, baita aurten ere, nazioarteko tratatuak urratuta. Espainia Armen Merkataritzari buruzko Nazioarteko Itunaren sinatzailea da, eta horrek material militarra gerra krimenak egin ditzaketen hartzaileei transferitzea debekatzen du, salerosketa eta garraioa barne. Gainera, Espainiak Nazio Batuen Erakundean irailean onartutako ebazpenaren kontra egiten du. Ebazpenak zera dio: "Israelek bertan behera utzi behar du Palestinako Lurralde Okupatuan legez kanpo duen presentzia", eta berarekin "inbertsioak, merkataritza eta transferentziak etetea" agintzen du.
"Borrokan frogatutako produktuak"
Ixteko esperoan dauden bederatzi kontratuen artean bi nabarmentzen dira. Lehenengoa 576 milioi eurokoa da, SILAM suziri jaurtigailuak erosteko. Jaurtigailuaren ekoizpen eta garapena Escribano M & E eta Rheinmetall Expal Espainiako eta Alemaniako enpresei esleitu zaie, baina Elbit enpresa israeldarraren PULS sisteman oinarrituak daude, eta horregatik enpresak diru kantitate bat jaso du. Proiektua ez da oraindik publikoki baieztatu, nahiz eta jada abian jarri duten, El Diarioren arabera.
Bigarrengoa 237 milioi eurokoa da. SPIKE misilak erosiko ditu Espainiak, Rafael Israelgo enpresa militarraren filiala den PAP Tecnos enpresari esleituak. Arma eta teknologia horiek "borrokan frogatutako produktu" gisa aurkeztu dituzte enpresek; funtsean, Palestinan erabilitakoak.
Gainontzeko zazpi kontratuak Guardian Homeland Security enpresari esleitu zaizkio; bost formalizatzeko zain eta bi formalizatuak daude. Aurreko bi enpresen erara, Guardian Homeland Securityk ere Israelgo Armadak Gazan egindako ekintzak erabiltzen ditu bere armak iragartzeko, hala nola bonbardaketak, Gazako Justizia Jauregiaren eraisketa, eliteko borroka-unitateen operazioak edota atxiloketa masiboak.
NATO, pozik
Espainiako Gobernuak nazioarteko itunen eta ebazpenen kontra egiten duen bitartean, NATOko idazkari nagusi Mark Ruttek eskerrak eman dizkio Pedro Sánchez presidenteari, gastu militarra 10.000 miloi eurotaraino igo duelako gobernuak.
"Pedro Sánchez presidentearekin hitz egin berri dut, eta hark Espainiak defentsako inbertsioa bizkortzeko dituen asmoen berri eman dit. % 2a azkarrago lortuko duelakoaren iragarpena ospatzen dut. Seguru egoteko, denok defentsan inbertsioa handitu behar dugu: NATO indartsuago, bidezkoago eta hilgarriago bat eraikitzeko", adierazi du Ruttek sare sozialetan.