argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Gobernua Hagako prozesuan egongo da, baina ez du Israelen kontrako genozidio salaketarekin bat egin
  • Hagako Nazioarteko Justizia auzitegian epaileak aztertzen ari dira Israelen Gazan egiten ari dena, eta prozesu horretan esku hartzea erabaki du Espainiako Gobernuak. Hala ere, José Manuel Albares Kanpo gaietarako ministroak argitu du ez dutela "parte hartuko prozesuaren bi aldeetako baten alde", eta hortaz ez dela genozidio salaketara batuko.

ARGIA @argia 2024ko ekainaren 07a
Hagako auzitegian maiatzaren 24an egindako saioa, Gazako sarraskiaren aurrean Hegoafrikak jarritako genozidio salaketaren harira. Argazkia: Nazioarteko Justizia Auzitegia

Hegoafrikak Israelen kontra genozidioagatik jarritako salaketaren harira, Espainiako Gobernuak iragarri du prozesu horretan parte hartuko duela. Baina Espainiako Kanpo ministro José Manuel Albaresek azaldu du horrek ez duela esan nahi herrialde horrek Hegoafrikaren salaketarekin bat egingo duenik, baizik eta Hagako justizia auzitegian abian den prozesuan, salaketa horren alde jardungo duela.

"Espainiak ez du parte hartuko prozesuaren bi aldeetako baten alde", argitu du Albaresek. Esan du epaimahaiak "bere interpretazioa" egin dezan lagunduko duela. Hortaz, Madril ez da salaketaren ez alde ez kontra agertu, baina epaileek "erabaki" bat har dezatela lagunduko du.

Nazioarteko Justizia Auzitegiak jadanik agindu dio Israeli Gazan giza laguntza pasatzen utz dezala, baina Tel Avivek jarraitzen du lurraldea etengabe blokeatzen eta bonbardaketak egiten

"Ez goaz Israelen kontra, gerra gelditzea ari gara bilatzen. Uste dugu hau ez dela modua israeldarren eta palestinarren artean harremanak izateko", esan dio espainiar ministroak El Pais egunkariari elkarrizketa batean.

Nazioarteko Justizia Auzitegiak jadanik agindu dio Israeli Gazan giza laguntza pasatzen utz dezala, baina Tel Avivek jarraitzen du lurraldea etengabe blokeatzen eta bonbardaketak egiten. Horren aurrean nazioarteko eragile ugarik isunak eta enbargoak exijitu dituzte, Israelera armak iritsi ez daitezen. Oraingoz inongo herrialdek ez du horrelakorik egin.

Gutxienez milioi bat pertsonak egin du ihes Rafahtik azken asteetan, Israelek hiriaren kontrako erasoaldia hasi zuenetik. Bestalde, bost urte baino gutxiago dituzten 335.000 haur goseak hiltzeko arriskuan daude, Al Jazeera-k emandako datuen arabera, Rafahko igarobidea itxi zenez geroztik.