argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Gobernua Guardia Zibilarekin lerratu da Europako Kontseiluaren txostenaren aurrean
  • Ez zieten ziegak ikusten utzi nahi: Europako Kontseiluko Torturaren Prebentziorako Batzordeak 2011n Espainiako Estatura egindako bisitaren osteko txostenean dio Guardia Zibilak ez ziela utzi Guzmán el Buenoko kuarteleko ziegetan sartzen. Espainiako Gobernuak Guardia Zibilaren jokaera desenkusatu du.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko maiatzaren 03a
Torturaren aurkako erakustaldi bat (argazkia: irutxulo.hitza.com)

Batzordeak protesta egin zuen bere txostenean, Guzmán el Buenoko kuartelean jaso zuten tratua salatuz. “Guardia Zibilek ordubete baino gehiago eduki gintuzten atxiloketen eremura joaten utzi gabe. Eraikina erabili gabe zegoela azaldu ziguten” dio testuak. Horrez gain, eraikinaren giltzak bertan ez zituztela esan zieten. Batzordeko kideak, azkenik, garbitzaile batek ireki zien atzeko ate batetik sartu ziren ziegetara.

Madrilgo gobernua bi orrialdeko dokumentu batean saiatu da Guardia Zibilaren jokaera defendatzen. Eraikina birgaitze prozesuan zegoela argudiatu dute. Bestalde, momentu hartan inor atxiloturik ez zegoenez, giltzak 14 kilometrora dagoen beste kuartel batean zeudela diote.

Guzmán el Buenoko kuartelean egin dira Espainiar Estatuan azken urteetan izan diren tortura denuntziarik larrienak.  Horien artean, Beatriz Etxeberriak egindako bortxaketaren salaketa, Europako Torturaren Prebentziorako Batzordeak jasoa duena.

Batzordearen txostenak, bestalde, kuartel hartan gertatutakoa berria ez dela salatu du. “Batzordeak traba berdinak topatu zituen 2007ko bisitan, eta ez da ezer egin egoera errepika ez dadin”.