Kataluniak independentziarantz hasitako bidea den arren Espainiako politikagintza egunotan gehien baldintzatzen duen gaia, espainiarrak laster ohartuko dira eguneroko beren bizimoduak gainean daukan arrisku larriagoaz: Europatik Troika bultzaka dator Madrilen ahalik eta lasterren gobernu berria osatu eta 2016ko aurrekontuetan 12.000 milioi euroko murrizketak sar ditzan.
Jeroen Dijsselbloem eurotaldeko buruak argi eta garbi adierazi du: "Espainiaren aurrekontuak arauak urratzen ditu. Europako Batzordea garbiki mintzatu da horretaz. Gobernu berria murrizketa handiagoak sartzera behartuta dago". Gaur Espainiako hedabide nagusiek 9.000 milioi eurotan zehaztu dituzte Moncloako agintari berriak egin beharko dituen murrizketak. Aldiz, Jose Moises Martin Carretero ekonomialariak dioenez –España: Bruselas prepara la factura del rescate bancario– herritarrek nagusiki zerbitzu sozialetan nozituko duten guraizekada 12.000 milioi eurokoa izanen da.
PPren gobernuari –eta honetan ados datoz kronika guztiak– Europako agintariek azken urteotan baimendu diote halako patxada batekin jokatzea fiskalitatearen defizitean eta berregituratze neurrietan. Martin Carreteroren kalkuluetan, esaterako, Espainiak bere defizita gutxitu ez baina 300.000 milioitan handitu du Mariano Rajoyrekin. Baina Grezian Syrizari gupidarik gabe inposatu dizkioten moduan mozketak, Madrilen laster gobernua bere gain hartuko duenari ere abisatu diote aurretik ezarritako baldintzak betetzeko azken epea gainean daukala.
Hiru ataletan zaintzen dio Europak Espainiari ortodoxia ekonomikoaren betetzea: 2012an erreskatatutako bankuen egoera normalizatu beharra, desoreka makroekonomikoak eta gehiegizko defizit publikoa Europaren Egonkortartasunerako Europako Itunari egokitzea.
Gobernagarritasun zaila... eta Txinara begira
Horiek betetzeko epe eta baldintzetan Troikako aginteek eskuzabal jokatu dute Rajoyrekin, honek joan den abenduko hauteskundeak irabazitakoan 2016an ezarriko zituelakoan herritarrak haserraraziko dituzten neurriok. Baina hauteskundeek uste baino panorama konplikatuagoan utzi dute Espainiaren gobernagarritasuna eta, bestetik, aurreikuspen ekonomikoak aurrez aitortutakoa baino gehiago ari dira zailtzen. Urrutirago joan gabe, Txinako burtsen urte hasierako lurrikara berriak asko garestitu ditu Espainiak 2012an erreskatutako bankuen fakturak.
Katalunia? Egia da negoziatzeko kultura konplexua odolean daramaten katalanek azken minutuan Mas apartatu eta Carles Puigdemont president izendaturik Madrilgo indar harremanak berriro hankaz gora jarri dituela. Baina hori horrela izanik ere... Moncloan gobernu berria osatzeko baldintza ezinbestekoa 12.000 milioi euroko murrizketak onartzea dela jakinda, gobernu berria osatzeko negoziaketetan ezusteko gehiago ikusteko gaude.