argia.eus
INPRIMATU
Espainiako futbol ligako emakumeek lehen hitzarmen kolektiboa sinatu dute
  • "Azkenean". Gehien errepikatzen ari den hitza da, emakume futbolariek hilabeteak zeramatzatelako hitzarmen kolektiboaren eskean. Asteartean sinatu dute ACFF kluben elkarteak eta futbolarien sindikatuek, AFE Futbolarien Elkartearen egoitzan.

Jon Torner Zabala @jtorner 2020ko otsailaren 19a
Kluben elkarteko eta sindikatuetako ordezkariak / AFE

"Ohore bat izan da, AFEko presidente gisa, emakumezkoen lehen hitzarmen kolektiboa sinatzea. Futbolarien adore, batasun eta adiskidetasunari esker, mugarri berria ezarri dugu gure elkartearen eta kirol espainiarraren historian", idatzi du David Aganzo AFEko presidenteak bere Twitter kontuan.

ACFF patronala batetik, eta AFE eta Futbolistas On sindikatuak bestetik, adostasun batera heltzeko, Mediapro ekoiztetxearen esku hartzea "funtsezkoa" izan da, patronalak hitzarmena onartu ahal izateko diru-kopurua jarri duelako: hamaika futbol talderi 100.000 euro eman dizkie –bakoitzari– telebista eskubideak eta zelaietako publizitate estatikoak kudeatzegatik.

Lehen Mailako hamasei klubetatik hamaikak sinatu dute akordioa. Athletic, Bartzelona eta CD Tacón ez dira ACFF-ko kide; Madrilek ez du salmentan parte hartu; eta Sevilla bere kabuz ari da Mediaprorekin negoziatzen. Hitzarmena denboraldi honetan eta datozen bietan mantenduko da indarrean.

Gutxieneko soldata: 16.000 euro

Hitzarmen kolektiboak jaso duenez, jardun osoko kontratua duten futbolariek 16.000 euroko gutxieneko soldata jasoko dute urtean, eta lanaldi partziala (%75ekoa) dutenek 12.000 eurokoa. Hori da puntu nagusia, baina badira gehiago, lan jazarpena, haurdunaldi kasuak/amatasuna edota oporrak barnebiltzen dituztenak.