Iazko urteko memorian bi talde horiek azpimarratzen ditu soilik 'terrorismoa' atalean. Espainiako Fiskaltzaren arabera, "desobedientzia zibileko ekintzak" egitetik, "garrantzia handiagoko ekintzak" egitera pasatu dira, "gizartean hain onartuak ez daudenak", besteren artean Prado Museoko artelanak zikintzea.
Espainiako Fiskaltzak pasa den astean argitaratu zuen ia 1.500 orriko memoria, 2022ko urteko datu, ekintza eta azterketekin. Terrorismoa izeneko atalari fijazio handiz begiratu ohi zaio urtero (469. orritik aurrera irakurgai; eta talde ekologisten aipamena 481 eta 482. orrietan).
Terrorismoari dagokion atalean, "Ekologismo Erradikala" azpiatalean bildu ditu fiskaltzak aipaturiko bi talde ekologisten inguruko aipamenak. Extinction Rebellion eta Futuro Vegetal kolektiboak ezagun egin dira azken urteotan, besteak beste jet eta yate pribatuei "sabotajeak" egiteagatik.
Espainiako Fiskaltzaren memoriaren arabera, 26 ekintzaile ekologista atxilotu zituzten iaz, elkarretaratze ilegalak egin, ondasun pribatu eta publikoak kaltetu eta damurik ez azaltzeagatik.
31 atxiloketa, ETAren inguruari lotuta
Urtero-urtero baloratzen dute ETAri loturiko jarduna. "ETAren mehatxuaren bektore nagusia hainbat kolektibotan banaturik dago", dio memoriak, eta bere esanetan "gazteen kolektiboak" dira "aktiboenak". Izenik ez da ematen.
31 pertsona atxilo hartu dira 2022an, erdiak Nafarroan (16) eta bosna Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan. Tipologiari dagokionean, atxiloketa gehiengoa "terrorismoari gorazarre egitean" gauzatu da (13), eta horien atzetik, nabarmentzeko, "banderak erretzea" (5), "desordena publikoa" (4) eta "eraso politikoa".
ATA (Amnistia eta Askatasuna) aipatzen da jarraian, baina nabarmenduta "mobilizaziorako gaitasun apala" duela: "Antolakuntza ez da egonkorra; ez dauka ondasun propiorik, beste kolektiboen lokalak erabiltzen dituzte eta finantzaziorako duten sistema bastante prekarioa da".
ETAren biktimen aurkako ekintzei buruz hitz egitean, Berangoko gertakaria da aipatzen den bakarra.