Nafarroako Enpresarien Konfederazioak urrezko domina emango dio MTorres enpresa taldea sortu zuen Manuel Torres Martínezi. MTorresek besteak beste gerra hegazkinetarako zatiak egiten ditu (ikus hemen bere aeronautika proiektu militarrak). Espainiako errege Felipe VI.a ere Baluarteko ekitaldian izango da, azaroaren 19 goizean, Nafarroako lehendakari María Chiviteren ondoan.
Pamplona actual hedabidearen arabera, bertan izango da, baita ere, Espainiako Erakunde Enpresarialen Konfederazioko (CEOE gazteleraz) lehendakaria den Antonio Garamendi Lecanda (Getxoko enpresari familia bateko kidea, besteak beste Babcock & Wilcox, Albura, Red Eléctrica eta Tubos Reunidos enpresetan kontseilari dena).
Manuel Torres eta MTorres
Murtzian jaioa da. Egun Espainiako Industria Ministerioko Zientzia eta Teknologiarako Kontseiluko kidea da eta baita Asturiasko Printzea sariko epaimahaia ere bai, Zientzia eta Teknologia alorrean. 1975ean sortu zuen MTorres taldea, egun sei enpresak eta 700 langilek osatua eta sektore hauetan aritzen dena: aeronautik, paper industria eta energia berriztagarriak.
Felipe VI.aren bisita eta Saudi Arabiako negozioak
Noticias de navarra egunkariko kronika honetan irakur daiteke nola Espainiako erregeak iaz bisitatu zuen MTorres enpresak Nafarroan duen egoitza eta bertako azpiegiturak eta lan prozesua erakutsi zikiotela. Kronika horretan arreta deitzen du erregeari erakutsitako "Torresfiberlayup" makina, karbonozko fibrazko osagaiak egitekoa, Saudi Arabiako Inbertsio Publikoko Funtsen parte den Taqnia konpainiarentzako egin zutela. MTorres enpresak bere webgunean aitortzen du "Saudi Arabian ekintza komertzial intentsoa hasi" dutela.
Taqnia delakoa erabat lotuta dago Arabia Vision 2030 programarekin, eta programa honetan Espainiako eta euskal enpresek interesa bazutela iragarri zuen el pais egunkariak, 2017an Erregeak Saudi Arabiara egindako bisita polemikoaz informatzean.
2015ean Felipe VI.ak eman zion beste sari bat
Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak ematen duen Espainiako Diseinu eta Berrikuntza Saria eman zion erregeak, finanzas hedabidearen albiste honetako azken paragrafoak dioenez.