argia.eus
INPRIMATU
Espainiako eta Italiako arrisku-sariak berriz igo dira eta merkatuek diru gehiago eskatzen dute
  • COVID-19aren krisia hasi zenean zeuden maila berean daude, edo are maila altuagoan Espainiaren eta Italiaren arrisku-sariak –bi herrialde horiek hamar urterako bonuengatik ordaintzen dituzten interesen eta Alemaniak ordaintzen duenaren arteko aldea–. Europako Banku Zentralaren (EBZ) edo Europar Batasunaren likidezia neurrien iragarpen handiek aste pare batez baino ez dituzte merkatuak "lasaitu".

Yago Alvarez Barba @econocabreado El Salto-Hordago @HORDAGO_ElSalto 2020ko apirilaren 22a
Argazkia: Alvaro Minguito / El Salto.

Ez EBZren estimuluek, ez AEBetako Erreserba Federalaren paketeek, ez estatu kideek iragarritako neurriek ez dute lortu zor subiranoaren prezioa jaistea. Alemanian hamar urterako bonuak interes-tasa negatiboekin (-%0,45) jartzen jarraitzen duten bitartean, Espainiako bonua %0,88an ordaintzen da.

Astearte honetako azken enkantean, Espainiako Altxor Publikoak 2.950 milioi euro jarri ditu hiru eta bederatzi hilabeterako letretan. Bi bonu motek gora egin dute, eta tasa negatiboetatik positiboetara igaro dira bederatzi hilabetekoen kasuan, martxoan ordaindutako -%0,395etik astearte honetan ordaindutako %0,039ra.

El Saltok egindako grafika:

Grafikoan ikus daitekeenez, herrialdeen zorra bigarren mailako merkatuan erosteko EBZk martxoaren 19an iragarritako 750.000 milioi euroko injekzioak, Espainiako arrisku-saria 40 puntu murriztea lortu zuen, 108 puntura arte; eta italiarra berriz, 71 puntu, 196 puntura arte. Baina merkatuen "lasaitasun" horrek gutxi iraun zuen eta hauek pizgarri gehiago eta diru gehiago eskatu zuten. Martxoaren 26an AEBen txanda izan zen. FEDek 2,3 bilioi dolarreko (1,8 bilioi euro) neurri sorta iragarri zuen, eta arrisku sariak aldi baterako berriro erortzea eragin zuen.

Baina ordutik, merkatuek gehiago eskatzen jarraitzen dute, eta arrisku sariak gora egin du berriro, martxoaren 19ko pizgarrien aurreko mailetara iritsi arte. Espainiakoak 142 puntu lortu zituen astearte honetan eta Italiakoak 251. Ostegun honetan estatu kide guztietako presidenteak bilduko dira Europa osoan zein neurri berri hartuko diren eta nola finantzatuko diren erabakitzeko, eta merkatuek seinale argi bat bidaliko dute: injekzio berri bat nahi dute.

EBZren erosketen datuak ere ez dira merkatuek espero zituztenak. Europako Banku Zentralaren azken datuen arabera, Christine Lagarde buru duen erakundeak 20.513 milioi eurora murriztu ditu asteko erosketak, aurreko bi asteetan erositakoaren erdia. Badirudi hori ez dela nahikoa izan finantza-sektorearentzat.

Ingalaterrako Bankuak Erresuma Batuko Gobernua "mugarik gabe" finantzatuko duela eta FEDek estatuei eta hiri handiei dirua zuzenean ematen diela iragarri duen bitartean, Europar Batasunaren Itunak debekatu egiten du EBZk zuzenean estatuei dirua ematea eta merkatuen xantaiarekin amaitzea. Ostegun honetan, Estatu kideetako presidenteek erabakiak hartu beharko dituzte arrisku sariak nola baretu erabakitzeko, baina, azken asteetako erreakzioa ikusita, ez dirudi EBZk 2012tik etengabe erabiltzen dituen errezeta agortuak eraginik izango dutenik.