Elkarretaratze baketsuen eskubideaz, Mozal Legeaz eta polizia indarren jardueraz mintzatu da Europako Batzordea, publiko egin duen txostenean.
“Askatasun eta eskubideen murrizketak” egin dituzten herrialdeen inguruko txostena argitaratu du batzordeak, eta Espainiako eta Frantziako Estatuak agertzen dira zerrenda beltz horretan.
Giza Eskubideetako arduradun Dunja Mijatovicek Espainiako Estatuari abisua emana zion, Diario16ek argitaratu duenez, baina ez da nahikoa izan. Txostenean aipamen berezia egin dio batzordeak Mozal Legeari, Espainiako Estatuak lege horren bitartez “elkarretaratze baketsuen eskubidea urratu” duela adieraziz. Zerrenda horren barruan Turkia, Errusia eta Polonia ere badaude.
Alor askotan hutsuneak
Landu beharreko alor asko aipatu ditu Europako Batzordeak txostenean. Zerrenda horren barruan dauden herrialdeek “urraketa ugari” egin dituztela eman du aditzera. Txostenak dio “elkarretaratze baketsuen eskubidea babestu behar dela gizarte demokratikoen osasunerako”. Bestalde, poliziaren jardueraz ere kritikoki mintzatu da, zalantzan jarriz hauen eta agintarien ekintzak. “Agintarien erabaki batzuek ez dute mesederik egin elkarretaratze baketsuak ahalbidetzeko”, azaldu du.