argia.eus
INPRIMATU
Espainiako eta Frantziako indar armatuen presentzia salatuko dute Fan Hemendik Egunean
  • Azken hamarkadetan, bi estatuetako indar armatuen jardun nagusiak errepresioa eta zapalkuntza izan direla salatu dute eta azpimarratu dute haien presentzia ez dela beharrezkoa. Ekainaren 22an izango da Fan Hemendik Eguna Oñatin.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko ekainaren 07a
2016ko Fan Hemendik Eguneko parodia bat - Ekaitz Zilarmendi

Fan Hemendik eguna ospatuko dute ekainaren 22an Oñatin. Hainbat ekintza egingo dituzte, Espainia eta Frantziako indar armatu eta polizialen presentzia Euskal Herrian salatzeko. Konfrontazio armatuaren garaiko jarduera bera izan ez arren, Euskal Herriak Europa osoko lurralde militarizatuena eta biztanleko indar armatu gehien dituena izaten jarraitzen duela salatu dute.

Euskal Herrian Guardia Zibilaren kuartel bat duen udalerrietako bat da Oñati. Fan Hemendikeko kideek diote ez dutela ahaztu ekainaren 25ean 34 urte beteko direla Susana Arregi oñatiarra Guardia Zibilak Irunberrin hil zuela. Azpimarratu dutenez, haien presentziak ez du “errepresioa eta estutuen batasuna indarrez bermatzea ez den beste justifikaziorik” eta Oñati kuartelik gabeko herria izatea eskatu dute.

Ekaineko egitaraua

Fan Hemendikek Oñatin hainbat ekintza antolatu ditu hilabetean zehar. Ostegunean, ekainaren 6an, mural margoketa eta pintxo-potea izan ziren Goiena plazatxoan. Ekainaren 11n, “Tortura Euskal Herrian” hitzaldia emango dute Kultur Etxean eta ekainaren 20an pintxo-potea egingo dute 112 taldearen kontzertuarekin batera. Bukatzeko, ekainaren 22an Fan Hemendik Eguna ospatuko dute, eguerdiko 12:00etan poteo girotua egingo dute, 15:00etan bazkari herrikoia eta 18:00etan, manifestazioa egingo dute.