argia.eus
INPRIMATU
Espainiako eta Frantziako Bankuek atzeraldi ekonomiko gogorra iragarri dute pandemiaren eraginez
  • Etxealdiak ekonomian izango duen eraginari buruzko aurreikuspen oso ezkorrak eman dizute Espainiako eta Frantziako Bankuek. 2008ko krisian baino lanpostu gehiago desager daitezke hemendik aurrera Espainiako Estatuan; Frantziakoan berriz, 68ko maiatzeko erabateko geldialdiak dirudi une honetakoarekin konparatu daitekeen fenomeno bakarra.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 21

Espainiako Bankuak astelehen honetan argitaratu duen dokumentu baten arabera, %4,7 hondoratu da jarduera ekonomikoa Espainiako Estatuan urtarriletik martxora bitartean. Aurreikuspenen arabera, %6,6tik %13,6ra bitartean eroriko da urte amaierarako, etxealdiko baldintzen arabera. Portzentaje horiek testuinguruan jartzeko, kontuan hartu behar da, adibidez, 2008-2013 epean Espainiako Estatuak bizi izan zuen atzeraldi ekonomikoan %9,5 erori zela ekonomia. Eta, adibidez, 1993ko krisi ekonomikoan %1.

Pedro Sanchezen gobernuak orain arte 2021ean jarriak zituen esperantzak, aurten galduko dena datorrenean berreskuratuko dela iradoki izan baitu. Baina Espainiako Gobernuaren aurreikuspenek hankaz gora jarri dute ikuspegi hori, berreskuratzea espero den jarduera ekonomikoak ez baitu berdinduko aurten galduko dena.

Neurririk hartzen ez bada, Espainiako Estatuko eta beraz Hego Euskal Herriko langile klaseak ordain dezake krisi ekonomiko berri eta bortitz hau: betiere Espainiako Bankuaren aurreikuspenen arabera, langabezia tasak eztanda egin dezake %18,3 eta %21,7 artean kokatzeraino, aldi baterako enplegu erregulazio espedienteak kontuan hartu gabe.

Defizit publikoan ere eragina izango du koronabirusaren krisiak, Espainiako Estatuarena Barne Produktu Gordinaren (BPG) %7 eta %11 arteraino eramanez, aipatutako dokumentuaren arabera. Zorra berriz, %110 eta %122aren artean kokatuko litzateke. Noski, zenbaki hauetan Espainiako Gobernuak orain arte hartutako neurriak bakarrik hartu dira kontuan eta ez dute aurreikusi salbuespenezko neurriek nola eragin dezaketen.

Frantziako Estatua, 2021ean esperantzak jarrita

Frantziako Bankuak berriz, hil honen hasieran iragarri zuenez BPGren %6ko hondoratzea aurreikusten du urtarrilaren eta martxoaren artean. Konfinamendua hasi zenez geroztik %32 gutxitu da jarduera ekonomikoa estatuan eta François Villeroy de Galhau Frantziako Bankuko gobernadoreak azaldutakoaren arabera, etxealdian igarotako hamabost eguneko urteko BPG %1,5 jaisten da. Elikadura eta industria farmazeutikoa dira kolpeari eusten dioten bakarrak. Txanponaren beste aldean, ostalaritza: ia-ia etenaldian dago.  

Frantziako Estatuan ere defizit publikoari eragiten dio egoera honek: %1 hazten ari da konfinamenduko hamabostaldi bakoitzean. “1968ko maiatza izan daiteke krisi honen antza daukan gauza bakarra historia hurbilean, orduan ere hainbat astez Frantziako ekonomia erabat gelditu zelako”, adierazi du Frantziako Bankuko gobernadoreak.

2021eko hazkundeak Frantziako Estatuarentzat V formako grafiko bat marraztuko duen esperantza dauka Villeroy de Galhauk eta horretarako enpresarientzat eta langileentzat laguntza planak beharko direla adierazi du.