argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Estatuko soldata arrakala handiena du Nafarroak
  • Nafarroan emakumezkoek gizonezkoek baino 6.800 euro gutxiago irabazten dute urtean. 2021eko Espainiako Soldaten Egituraren Inkesta atera berri da eta, horren arabera, soldatak batez beste urteko 28.459 euroraino igo dira Nafarroako Foru Erkidegoan.

ARGIA @argia 2023ko ekainaren 22a
Argazkia: The Conversation

Nafarroan gizonezkoek urtean batez beste 31.643 euro irabazten dituzte eta emakumezkoek 24.809 euro. Beraz, 6.834 euroko arrakala dago bi generoen artean. Nafarroako CCOOk modu positiboan baloratu du igoera hori, eta horrek soldaten genero arrakala ere gutxitzen duela azpimarratu du, nahiz eta oraindik ere aldea oso handia den, izan ere estatuko handiena baita.

Hala ere, sindikatuak jakinarazi duenez, azken urteetan arrakala hori gutxitzen ari da: 2011n gizonezkoen eta emakumezkoen arteko lansarien desberdintasuna %28,2koa zen, eta 2021ean %21,6koa da.

Soldatarik handienak industria sektorean ematen dira –batez beste, 31.432 euro–, ondoren eraikuntzan –28.986 euro– eta, azkenik, zerbitzuetan –26.963 euro–. Inkestaren arabera, Nafarroakoa da estatuko soldata handienak dituen hirugarren erkidegoa, Madril (29.513 euro) eta EAEren (31.064) ondoren.