argia.eus
INPRIMATU
Lan erreforma derogatzea “zentzugabekeria” dela dio Calviño Espainiako ekonomia ministroak
  • Nadia Calviño Espainiako ekonomia gaietako presidenteordeak EH Bilduk, PSOEk eta Podemosek sinatutako akordioaren aurka egin du. Sinatu bezain pronto, akordio hori atzera bota behar dela adierazi dio bere alderdiari, PSOEri, “ziurgabetasun juridikoko” garaiak direlako. Patronala ere iritzi berekoa da, eta Espainiako Gobernuarekin harremanak moztu ditu.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko maiatzaren 22a
Nadia Calviño, Espainiako ekonomia gaien presidenteordea. Argazkia: Crónica Global - El Español.

Egun nahasia izan da asteazkena, maiatzaren 20a, Espainiako Estatuko politikagintzarako. Egunez, EH Bilduk, Podemosek eta PSOEk 2012an ezarritako lan erreforma deuseztatzen duen akordioa sinatu dute, eta alarma egoera bukatu aurretik egiteko konpromisoa hartu dute. Kongresuko argiak itzali zirenean, ordea, atzera bota da gobernuburua; PSOEk atzera egin du akordioan, eta lan erreforma osorik deuseztatu baino hiru artikulu aldatuko direla argitaratu du.

Azken erabaki horren bultzatzailea izan da Nadia Calviño Espainiako ekonomia gaien presidenteordea. Bere ministerioak beti mantendu du 2012an PP alderdiak martxan jarritako lan erreforma deuseztatzeko asmorik ez duela, eta gaur egungo egoera horretarako desaproposa dela gehitu du presidenteordeak.

Ziurgabetasun juridikoko garaiak

Horrelaxe definitu du pandemiak eragindako krisia Calviñok. Espainiak 300.000 milioi euroko zorra jaulki beharko du aurten, bere historiako handiena. Horretarako merkatuaren laguntza beharko du, enpresariena. Europako Banku Zentralaren laguntza ere beharko du zorra erosi diezaion.

Biak ala biak, enpresariak zein Europako Banku Zentrala, 2012ko lan erreforma deuseztatzearen aurka azaldu dira. Europako Batzordeak ere lan erreformaren alde egin zuen, lanpostuak sortzen lagundu zuela argudiatuz.

"Elkarrizketa sozialik gabeko akordioa"

CEOE patronalak harremanak moztu ditu Espainiako Gobernuarekin, eztabaidarik bultzatu ez duela salatuz. Horrez gain, EH Bildurekin akordioa sinatu izana ere kritikatu du, “elkarrizketa soziala dinamitatzen” duela argudiatuz.

Ahots asko altxatu da patronalaren iritzi horren aurka. Izan ere, askok gogorarazi diote CEOEri, 2012an onartutako lan erreforma PP eta CiUren botoei esker jarri zela martxan, "elkarrizeta sozialik" gabe. Oposizioko gainontzeko alderdi guztiek gogor egin zuten erreformaren aurka, "prekarietatea eta arrazoirik gabeko kaleratzeak" baimentzen zituela argudiatuta. Manifestazioak izan ziren erreforma horren aurka, eta lan erreforma hori "inposatutakoa" izan zela adierazi zuten.

UGT sindikatua patronalaren iritzi berekoa izan da; argitu du beti azaldu dela lan erreforma deuseztatzearen alde, baina ez datorrela bat hori egiteko erarekin. Gehitu du ez dutela proiektuaren berri izan. Ez da hain kritikoa izan CC.OO, edukiarekin ados dagoela adierazi baitu, formak gustatu ez bazaizkio ere. ATA, autonomoen elkartea, gogor mintzatu da, autonomoen %70ak lana galtzeko arriskua baitute alarma egoeran.