Presoa Txagorritxuko ospitalean egon zen, eta bera zaintzeko ardura zuen ertzaina kutsatuta zegoen. Asteburuan hasi da presoa lehen sintomak erakusten, eta bi azterketa egin ostean positibo eman du. Koronabirusaz kutsatutako lehen presoa da Euskal Herrian.
Lehen sintomak agertzearekin batera, espetxeko erizaindegian isolatu zituzten kutsatutako presoa eta beste bat. Azken hau ere kutsatutako ertzainarekin harremanetan egon zen. Medikuen gomendioz, kutsatutako presoa ospitaleratu egin dute, aurretiko patologiak dituelako.
Hori dela eta, Espainiako espetxe zuzendaritzak neurriak hartu ditu izurritearen hedapena saihesteko Araban, Errioxan eta Madrilen. Datozen bi asteetan mintzalekuan soilik jaso ahal izango dituzte bisitak, eta tratamendu-irteera programatuak debekatu dizkiete.