argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Estatuak Baionan duen kontsulak etxeko langileak kaleratu ditu pandemia betean
  • Alvaro Alavart Fernandez-Cavada Baionako Espainiako kontsulak bere etxeko langile biak kaleratu ditu eta ez die zerbitzarientzako etxean geratzeko aukerarik eman, Mediapartek argitaratu bezala. Hilabete daramate bizilagun baten etxean bizitzen. Kontsulak Hego Euskal Herrira egin zuen bidaia langile berriak jasotzeko, konfinamenduaren erdian.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko maiatzaren 08a
Alvaro Alavart Fernandez-Cavada Espainiako Baionako kontsula, Mozambikeko enbaxadorea zeneko argazkia. Argazkia: eldiario.es.

Ukrainarra da langile bikotea, eta hamabi urtean kontsulen etxeko zerbitzuan lan egin ondoren beren jatorrizko herrialdera bueltatzeko asmoa zuten martxoaren 31n, baina konfinamenduak hori oztopatu du. Apirilaren 3an bota zituen etxetik Alvaro Alavartek bi langileak. Lagileetako bat arrisku taldeen parte da, diabetesa baitu, eta egunero jaso behar ditu zaintzak. Hala ere, kontsulak ez die utzi Biarritzeko bere etxean zerbitzarientzat dauden apartamentuetan gelditzen.

Kontsulak, langile berriak jasotzeko asmotan egin zuen bidaia Hegoaldera martxoaren 24an; Ipar Euskal Herrian astebete zeraman konfinamendua indarrean eta Hego Euskal Herrian hamar egun. Muga itxita bazegoen ere, diplomatikoek muga gurutzatzeko baimena dutela probestuz Donostiara joan ziren bera eta emaztea Filipinetatik heldutako langile berriak jasotzera.

Espainiako Kanpo Gaietako Ministerioak adierazi du enbaxada eta kontsulatu guztiek gomendatu bezala, tokian tokiko aholku eta arauak bete dituztela. Pirinio Atlantikoetako prefekturak eta Baionako azpi prefekturak ere, ez dute adierazi mugaz gaindiko lekualdatze horretarako kontsulak baimen berezirik ba ote zuen.