Espainiako Gobernuak, estatuko abokatuaren bitartez, helegitea aurkeztu du telefonia mugikorreko antenak arautzen dituen Gasteizko ordenantzaren aurka. Urtarrilean onartu zuten ordenantza, EH Bildu, EAJ eta PSEren aldeko botoekin. Gobernuan dagoen PPk ezetz bozkatu zuen.
Urtarrileko bozketaren ostean, Ingurumen zinegotzi Idoia Garmendiak (PP) adierazi zuen arauari helegitea ezarriko ziola norbaitek, ez baitzuen bat egiten estatuko legediarekin.
Azkenik, bete egin da Garmendiak esandakoa: Estatuko abokatuak ez ezik, Espainiako Konkurrentzia Batzordeak, Madrilgo eta Murtziako industria ordezkaritzek eta Elektronika, Telekomunikazio eta Eduki Digitalen Elkarteak (AMETIC) jarri dute udal arauaren kontrako helegitea.
Antenei buruzko ordenantza Ibaiondo eskolako gurasoen kexen ondorioz etorri zen. Inguruko hotel batean kokatutako antenek Europar Batasunak baimendutakoa baino 30 aldiz erradiazioa gehiago igortzen ari zirela salatu zuten gurasook.
Urtarrilean onartutako arauaren arabera, erradiazioak ezin du izan zentimetro koadroko 0,1 uW-ekoa baino handiagoa zenbait lekuren inguruan: haurtzaindegiak, ikastetxeak, erietxeak…