Espainiako Estatuan 1990etik gaur arte egin diren gorrotozko 101 krimen ikertu eta webgune honetan jaso dituzte David Bou eta Miquel Ramos kazetariek: horietatik hiru Hego Euskal Herrian eraildakoak dira. Kasuen herena baino gehiago (36) arrazakeria eta xenofobiari lotuak dira. Hurrengo multzo handiena (27 kasurekin) aporofobiari lotua da, hau da, pobrezia egoeran daudenen aurka. Valentziako SOS Arrazakeriarekin elkarlanean burutu dute proiektu hau.
2015ean dagoeneko publiko egin zituzten Bou eta Ramos kazetariek mapa interaktiboan ikus daitezkeen 80 hilketa: eskuin muturreko taldeekin lotura zuten pertsonek burututakoak ziren gorroto delitu hauek guztiak.
Geroztik, azken bost urteotan egin diren edo ezagutu diren beste 21 krimen ikertu dituzte bi kazetari hauek eta crimenesdeodio.info webgunean argitaratu, mapa interaktibo batean kokatuta. Mapa horretan klik eginda ikus daiteke krimen bakoitzaren fitxa: gertakizunen eguna eta lekua, narrazio labur bat, auzitegietan izan zuen erantzuna eta komunikabideetan agertutako artikulu eta bideoen bilduma.
Bou eta Ramos kazetariek ikerketa lan handia egin behar izan dute oso informazio gutxiko kasu hauek dokumentatzeko, eta gaiaren jakitun ziren pertsonengana eta hildakoen gertukoengana jo dute informazio bila. Gorroto delituen aurka lanean ari diren kolektiboen laguntza ere funtsezko izan dute.
Lan honek Hego Euskal Herrian jazotako hiru gorroto krimen bildu ditu: Errenterian 2003an aporofobiarekin lotuta eraildako Luis C.A; Getxon 1999an aporofobiaz eraildako Alejo Aznar eta Iruñean 2004an gorroto ideologikoagatik eraildako Angel Berrueta.