argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Estatuko hamar kontratutik zortzi aldi baterakoak ziren abenduan
  • Lanaldi osoko kontratu finkoak ez ziren 10etik 4ra iritsi. 464.152 kontratu mugagaberen baitan, lanaldi osokoak %38,56a baino ez ziren izan. Kontratuen %11 izan ziren Euskal Autonomia Erkidegoan.

Gedar @GedarLangileKZ 2023ko urtarrilaren 05
Argazkia: Wikimedia Commons

Abenduan 1.189.917 kontratu erregistratu ziren guztira Espainiako Estatuan, Lan Ministerioak berriki argitaratutako txostenaren arabera. Kontratu berri horietatik 464.152 mugagabeak ziren; eta horien artean lanaldi  osokoak ez ziren % 39ra heldu. Guztira, aldi baterako kontratuak 10etik 8 izan ziren: 7.027.160 kontratu izan ziren mugagabeak 2022ko abendura arte, eta aldi baterako kontratuak, berriz, 11.283.183 izan dira guztira. Gainera, 2022an 18.310.343 kontratu sinatu ziren orotara, 2019an baino 4.201.878 gutxiago (-%18,7).

PSOE eta Unidas Podemosen koalizio-gobernuaren aldekoek langabeziaren zifra nominalak 2007 aurreko zifretara itzuli direla azpimarratzen dute. Ordea, emaitza horiek ez dute adierazten lan-merkatuak modu egonkorrean lan-indar gehiago xurgatzeko gaitasuna duenik. Kontrara, inflazioaren ondoriozko lan-kostuen murrizketa eta merkatu beraren kontratazio eta kaleratze zikloen bizkortzea adierazten dute. Gainera, kontratazioa ez da igotzen ari: aldi baterako kontratuak zein mugagabeak batuta, 18.310.343 kontratu zenbatu zituen Espainiako Lan Ministerioak 2022an, 2021ean baino % 5,5 gutxiago eta 2019ko zifraren % 18,7 azpitik.

Hego Euskal Herrian

Abenduan 57.989 kontratu sinatu ziren Euskal Autonomia Erkidegoan. Horien % 21,29a baino ez zen mugagabea, 12.345 inguru. 2022an, guztira, 199.995 kontratu mugagabe sinatu ziren EAEn, eta hemen ere Lan Erreformaren moldaketa formalak autoengainurako tartea uzten du: 2021ean baino % 148,3 gehiago izan zirela diosku Espainiako Lan Ministerioak. Ordea, gogora ekarri behar da lanaldi osoko kontratu mugagabeen multzoak % 11 izaten jarraitzen duela EAEn, eta finko ez-jarraiak ere mugagabeen baitan kokatzen direla.

Nafarroan 22.555 kontratu berri sinatu ziren, eta horien artean 4.331 baino ez ziren mugagabeak izan. Hori gutxi balitz, abenduan kontratazioa % 7,74 jaitsi zen (1.866 kontratu gutxiago); eta beste % 22,82 gutxiago, berriz, iazko abenduarekin alderatuta (6.582 kontratu gutxiago).

Langabezia

Azaroan baino 205 langabe gehiagorekin itxi du 2022. urtea Hego Euskal Herriak; datu kaxkarra, abenduan enpleguak gora egin ohi duela ikusita. Guztira, 142.408 pertsona izan dira langabezian.  Langabezia-tasa % 10,4koa da, Europar Batasuneko azken datuak baino lau puntu eta erdi handiagoa.