Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak esan zuen Bateragune auzian epaitutakoek ez zutela epaiketa “justurik” izan. Helegitea jartzekotan da Espainiako Gobernua, abokatua kontra duten arren.
Azaroaren 6an eman zuen epaia Europako Giza Eskubideen Estrasburgoko Auzitegiak. Aho batez ebatzi zuen ez zutela epaiketa justurik izan Bateragune kasuko bost auzipetuek. Arnaldo Otegik, Rafa Diezek, Sonia Jacintok, Miren Zabaletak eta Arkaitz Rodriguezek sei urte eta sei urte eta erdiko kartzela zigorrak bete zituzten epaiketa horren ondorioz.
Epaia argitara eman zen egun berean, Dignidad y Justicia elkarte ultraeskuindarrak eta AVTk helegitea aurkezteko eskatu zioten Espainiako Gobernuari. Berria egunkariak jaso duenez, asteartean jakin zen Espainiako Estatuaren abokatua ez dela helegitea aurkeztearen aldekoa, “ia segurutzat” baitago atzera botako lukeela Estrasburgok. Pedro Sanchezen gobernua jakinaren gainean dago, baina Justizia Ministerioak erabakitzeke du helegitea aurkeztu ala ez.
Giza Eskubideen hitzarmenak dio “salbuespen” kasuetan baino ez dela baliatu behar Areto Handira jotzeko aukera hori. Espainiako Estatuaren abokatuak Gobernuari gogorarazi dio “ia argudiorik gabe” helegitea jartzeak Espainiaren “sinesgarritasuna” zalantzan jarriko lukeela, eta hortaz, helegitea aurkezteak ez duela zentzurik.