argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Estatuan saltzen den elikagaien %35 plagizidaz kutsatuta dago
  • Ekologistak Martxan elkarteak ikerketa egin du 2020ko plagiziden erabilera datuekin. Elikagaien %35etan atzeman dute pestiziden hondarrak; gehienbat frutan, barazkietan eta arrainean. Espainiako Estatuko erakundeei informazio falta egotzi diete, eta debekatutako substantzia toxikoak baimentzea. 

Lide Iraola 2022ko abenduaren 01
Espainian saltzen diren elikagaien %35 plagizidaz kutsatuta daude. /Argazkia: Bizi baratzea

Espainiako Estatuan saltzen diren elikagaien %35 plagizidez –pestizida mota bat– kutsatuta daude, Ekologistak Martxan ekimenak jakitera eman duenez. Ehunekoa handiagoa da fruta eta barazkiei erreparatuz gero: %41ekoa da. Substantzia toxiko horien artean, gainera, erabilera debekatukoak eta toxikotasun maila altuengatik adituek gomendatzen ez dituztenak ere topatu dituzte.

Ekologistak Martxan taldearen analisiaren abiapuntua Plagiziden Hondakinak Kontrolatzeko Programaren 2020. urteko azken datu ofizialak dira, Elikagaien Kontsumo, Segurtasun eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak (AESAN) bilduak. Salatu dute Espainiak elikagaien gero eta lagin txikiagoa aztertzen duela, eta horren eraginez herritarrek informazio falta dutela. 100.000 elikagaietatik, Europako herrialdeek batez beste 17,25 elikagai aztertzen dituzte. Espainiako Estatuan soilik 3,26 produktuko lagina aztertzen dute.

Plagiziden erabilera laborantza eta abeltzaintza industrialarekin areagotu da. Europako Batasunak 2030rako plagiziden erabilera erdira murriztea finkatu zuen, baina Espainiako Estatuan gero eta gehiago atzeman dira. 2020an Europan gehien erabili zuen herrialdea izan zen: 75.775 tona.

Aztertutako laginean 125 plagizida mota identifikatu dituzte. Horietatik 64 debekatuta daudenak dira. Horietako asko Espainiak "salbuespen" gisa onartzen ditu, baina Ekologistak Martxan-ek arbuiatu du salbuespenezko kasu gehienetan ez dagoela substantziak erabiltzeko arrazoirik. 13 toxikotasun maila altukoak dira, eta adituek haien ordez erabiltzeko aukerak eskaini izan dituzte. Talde ekologistak haien aldeko legedia egiteko exijitu dio Espainiako Gobernuari. 

Laranjak eta piper gozoak dira gehien kutsatutako elikagaiak. Animalietatik eratorritakoetan, arraina da kutsatuena.