argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Estatuak hiru milioi euro gastatu ditu Indar Armatuen apaiz eta elizetan
  • Espainiako Estatuak militarrei asistentzia erlijiosoa ematen die eta diru publikoarekin ordaintzen du. 2016an 2,7 milioi euro gastatu zituzten apaizen soldatetan eta 231.000 euro elizen mantentze-lanetan, eldiario.es-ek jaso duenez.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko maiatzaren 15

1953an Espainiako Estatuak Vatikanoarekin konkordatua egin zuenetik militar guztiei asistentzia erlijiosoa eskaini behar die. Apaizen soldatak, atzerrian egiten diren misioak eta artzapezpiku-barrutiaren, apaiztegiaren eta katedralaren mantentze lanak diru publikoarekin ordaintzen dira.

Vatikanoarekin akordioa sinatu zuenetik Espainia arauak gehitzen joan da, elizak kuarteletan duen tokia blindatzeko. Gaur egun, apaizen soldata basikoak eta gehigarri ekonomikoak lege bitartez zehaztuta daude: hasten direnean soldatak 30.000 eurokoak izaten dira eta 59.000 eurotaraino heldu izan dira.

2016an 3 milioi euro baino gehiago gastatu zituzten, gehiengoa 83 apaizen soldatetara bideratu zuten, 2,75 milioi euro. Armadaren artzapezpikuek 766.000 pertsonari ematen diete zerbitzua, militar, guardia zibil, polizia, funtzionario zibil eta hauen senideen artean.

Erlijio islamiko, ebanjeliko eta juduaren presentzia ere lege bitartez babestuta dago, baina zehaztasunik gabe. Asistentzia jasotzeko eta errituetan pate hartzeko eskubidea aitortzen da, baina horretarako egingo diren inbertsioei buruzko aipamenik ez dago. Katolikoaren kasuan, ordea, xehetasun guztiak jasota daude.