Ostegunean eta ostiralean Genevan (Suitzan) aztertuko dute ea Espainiako Estatuak gaiari dagozkion baldintzak betetzen dituen ala ez. Egiari Zor, Giza Eskubideen Behatokia eta Sarek “aurrerapenak” daudela azaldu dute.
NBEko torturaren aurkako batzordeak zazpigarren aldiz ikertuko du Espainiako Estatua. Genevan (Suitzan) bildu dira ostegunean eta ostiralean, eta gaiari dagozkion baldintzak eta adostutako neurriak betetzen dituen edo ez ikertuko dute.
Giza Eskubideen Behatokiak, Egiari Zor fundazioak eta Sarek txosten bat egin dute bi puntu nagusi barnebilduz: biktimen errekonozimendu eta aitortza falta eta preso politikoen askatasunari ezarritako oztopoak. Gainera, Iñigo Cabacas kasuaren balorazioa ere aipatu dute. Aipatu txostena, bilkura horretara aurkeztuko dute, eta Naizek horren berri eman du.
Tortura kasuak
2015az geroztik tortura kasuen berri ez dutela izan baina guztira Lakuako eta Iruñeko Gobernuek 5.379 kasu bildu dituztela azaldu dute txostenean. Errekonozimendua, justizia eta berriz ez gertatzeko bermeak ez direla errespetatzen salatu dute, poliziak ez baitu kargu hartu. Gainera, “inpunitate osoz” jardun dutela adierazi dute, kasu askotan kargu igoerak emanez. Ondorioz, berriz ez gertatzeko “bermerik ez dagoela” azpimarratu dute.