Nazioarteko Diru Funtsak krisi ekonomikoari Itxiera Handia deitu dio eta Depresio Handiaz geroztik izan den atzeraldirik okerrena eragingo duela esan du. 2008ko finantza krisia gaindituko du.
El diario.es agerkariak Nazioarteko Diru Funtsak proiekzio ekonomikoei buruz egin duen txostenean entresaka egin eta Espainiako Estatuko datuak xehatu ditu. Espainiako Estatuarentzat 2020an barne produktu gordina %8 jaitsiko dela aurreikusten du eta 2021ean %4,3ko hazkundea izango luke, betiere pandemia 2020ko bigarren erdian desagertzen bada eta eusteko ahaleginak pixkanaka ezabatzen badira. Erakundeak iragarri du Espainiako Estatuan langabezia-tasa biztanleriaren %20,8raino igoko dela 2020an, eta% 17,5era jaitsiko dela 2021ean; kontsumo-prezioak %0,3 jaitsiko dira ekitaldi honetan, eta hurrengo aldian, berriz, inflazioa% 0,7 igoko da.
Euroguneko herrialdeen artean Espainiako Estatua da 2020an barne produktu gordina gehien jaitsiko duen hirugarren ekonomia, Italiak (-% 9,1) eta Greziak (-%10,0) soilik gaindituta. Nazioarteko Diru Funtsaren kalkuluen arabera, garatutako ekonomiek %6,1 egingo dute behera beren hazkundean aurten; besteak beste, Amerikako Estatu Batuak (-%5,9), Japonia (-%5,2), Kanada (-%6,2), Erresuma Batua (-%6,5), Irlanda (-%6,8), Belgika (-%6,9), Alemania (-%7,0), Austria (-%7,0), Frantzia (-%7,2), Holanda (-%7,5) eta Portugal (-%8,0). Frantziako Estatuaren datuak Espainiakoarenak baino hobexeak dira: aurten barne produktu gordina -%7,2 eta 2021ean +%4,5.
Lan-merkatuari erreparatzen badiogu, 2020an Espainia izango da Europan langabezia-tasarik altuena izango duen bigarren herrialdea. Grezia izango da aurrena % 22,3ko datuarekin, eta 2021ean %15etik gorako langabeziari eutsiko dioten bi herrialde bakarrak izango dira.