argia.eus
INPRIMATU
Espainiako espetxe eta komisarietako tratu txarrez ohartarazi du Europako Kontseiluak
  • Tratu txarrak antzeman ditu Europako Kontseiluko Tortura Prebenitzeko Batzordeak Espainiako Estatuko kartzeletan, polizia-etxeetan, kartzeletako ospitale psikiatrikoetan eta adin txikikoentzako atxiloketa zentroetan. “Neurri eraginkorrak” eskatu dizkie Espainiako agintariei.

ARGIA @argia 2021eko azaroaren 09a

2020ko irailean egindako bisitaren ondorioak jaso ditu Batzordeak, eta Eldiario.es-ek jaso du txostena. Bisitan, presoek egindako salaketak sinesgarriak direla eta txosten medikuek salatutako tratu txarrekin bat egiten dutela dio Europako Batzordeak. Besteak beste, espetxeetako funtzionarioengandik zaplaztekoak, muturrekoak, ostikoak eta porrarekin kolpeak jasotzen dituzte presoek, eta falaka deituriko tortura metodoa ageri da: bastoiarekin behin eta berriz oinazpia kolpatzea. Ohean presoak indarrez lotzea asko jaitsi den praktika dela nabarmendu du Batzordeak, baina neurri hori guztiz ezabatzea izan behar dela helburua.

“Badirudi presoen jokabideak zuzentzeko erreakzio punitiboa direla tratu txarrak”, eta horri aurre egiteko neurri eraginkorrak eskatu ditu Batzordeak, baita tratu txarrak prebenitzeko eta horiek behar bezala ikertzen direla bermatzeko ere.

Polizia-etxeetan agenteengandik jasotako tratu txarren hogei bat salaketa ere aipatzen ditu txostenak, baita kartzeletako ospitale psikiatrikoetan eta adin txikikoentzako atxiloketa zentroetan azaleratutako tratu txarrak ere.