argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Erregeak protesta artean egin du Bartzelonako bisita
  • Egunotan Bartzelonan burutzen den Mobile World Congress (MWC) ekitaldiko aurkezpenean parte hartzen ari da Espainiako Errege Felipe VI.a igandetik, eta bartzelonar askok kalean bezala hainbat herri hautetsik ferian bertan protesta egiteko baliatu dute bisita.

Maddi Txintxurreta @mtxintxurreta 2018ko otsailaren 26a
Espainiako Erregearen aurkako manifestazioa igandean (Arg: Vila Web)

Espainiako Erregeak Bartzelonako Palau de la Música-n hitzaldia eman behar zuela eta, Errepublikaren Aldeko Batzordeek (CDR) “zalaparta” egiteko deialdia egin zuten. Milaka manifestarik musikaren jauregia inguratu zuten kazolak eta txilibituak aldean.

Kataluniako Parlamentuko presidente Roger Torrent eta Ada Colau Bartzelonako alkatea ez ziren Espainiako Erregearen harrera ekitaldira agertu. Alabaina, MWC-ek emandako afarian ikusi zuten elkar: Felipe Borboikoaren pare-parean zeuden Torrent eta Colau.

Felipe VI.a ekitalditik atera zen errepublikako Riego ereserkia bozgorailuetan ozen entzuten zenean eta manifestarien oihu errepublikar eta independentisten artean.

CDRek deitutako protestak gauera arte luzatu dira, eta liskarrak izan dira segurtasun indarren eta manifestarien artean. Mossoek indarrez erantzun zuten une batzuetan, eta gutxienez 19 pertsona artatu behar izan zituzten. Mossoek pertsona bat atxilotu zuten.

Astelehenean bertan, MWC feriaren lehen egunean, ez ditu denak ohikoak bezain ongi etorri abegitsuak izan Felipe erregeak. Kataluniako pabilioiko langile askok xingola horia zeramaten paparrean erakusgai, eta Borbon erregeak Generalitateko ordezkariekin egin beharreko harreman instituzionalean ezin izan du ezkutatu bere ezinegona, arduradun nagusiek ere xingola horia zeramatelako.

Felipe errege espainiarra deseroso Generalitateko enpresa zuzendari Pau Viloriarekin (xingola horia paparrean).

 

[Erredakzioak 17:30etan eguneratua]