argia.eus
INPRIMATU
Felipe VI.ak aitaren herentziari uko egin dio, Saudi Arabiako ordainketen eskandalua eta gero
  • Erregeak Juan Carlos I.a (bere aita eta monarka emeritu dena) Estatuko Aurrekontu Orokorretatik monarka emeritu izateagatik jasotzen duen diru zatirik gabe utziko du.

ARGIA @argia 2020ko martxoaren 16a
Felipe VI.a eta Juan Carlos I.a. Argazkia: eldiario.es.

Martxoaren 15ean eman du albistearen berri Errege Etxeak. Eldiario.es agerkariak azaldu duenez, Espainiako erregeak ez du Juan Carlos I.aren herentziarik jasoko, alegia, oharrak dioenez ez du jasoko "inolako aktibo, inbertsio edo finantza egitura, baldin eta haien jatorria, ezaugarriak edo helburua legalitatearekin bat ez etortzeko aukera badago”.

Oharrak dio Felipe VI.ak duela urtebete jakin zuela Lucum Fundazioaren onuradun izango zela Juan Carlos monarka emeritua hil eta gero. Informazioa Britainia Handiko abokatu bulego batetik iritsi zitzaion erregeari. Bulegoa Kobre & Kim da eta Corinna Larsen errege emerituaren bikote ohiaren interesak ordezkatzen dituen bulegoa da.

The Telegraph egunkariak adierazitakoaren arabera, Felipe VI.a Lucum offshore fundazioaren bigarren onuradun agertzen da eta bankuko kontu korrontearen titular, zeinetan ustez, Saudi Arabiak erregearen aitari emandako 100 milioi dolar dauden. Suitzako fiskaltza ikerketa egiten ari da, uste baitu 100 milioi dolar horiek komisio gisa jaso zituela errege emerituak Mekarako AVE trenen lanengatik. Lan haietan hainbat enpresa espainiarrek osatutako partzuergo bat aritu zen.

Eldiario.es agerkariko zuzendari Ignacio Escolarrek iritzi artikulua argitaratu du albistearen gainean eta besteak beste ondoko bi gogoeta plazaratu ditu. Batetik, erregeak 2019ko martxotik baldin bazekien aitak offshore finantza egitura bat zuela, zergatik ez zituen orain hartutako neurriak lehenago adierazi? Zergatik ez zuen lehenago esan fundazio hori bazenik? Bestetik, kode zibilak herentziari buruz egiten dituen bi xehetasun ekarri ditu mahai gainera: herentzia utziko duena hiltzen denean baino ezin zaio uko egin herentziari, eta ezin zaio herentziaren zati bati bakarrik ezetz esan.