Astelehenean Espainiako errege-erreginek Zizur Txikira egin zuten bisitak zeresana ematen jarraitzen du. Nahiz eta Mikel Urabaien kazetariak jakinarazi bera kazetaria dela, protesten berri ematen ari zela mugikorra kendu zioten, grabatzen ari zen bideoa ezabatu zen eta gainera autoritatearen aurkako atentatua egotziko ziotela mehatxu egin zioten.
Errege-erreginak iritsi behar ziren lekutik kilometro erdira jarria zuen Guardia Zibilak hesia. Monarkiaren alde zeudenak pasatzen uzten zituzten, aurkakoak ez. ELA, LAB eta Zizur Txikiko zenbait mugimendu sozialek protestara deitua zuten azken aldian ustelkeriarekin loturik zeresan handia ematen ari den erakunde honen aurka.
Urabaienek ARGIAri kontatu dionez, manifestariek uste zuten errege-erreginak beren aurretik igaroko zirela, baina konturatu zirenean ez zela hala izango, batzuk soro batean barrena joan ziren, protesta nolabait ikusgarri egin asmoz. Zenbait agente joan ziren, eta horietako bat manifestari bati bultzaka hasi zen.
Gaur egun Diario de Noticias egunkariko kazetari den, eta beste zenbait hedabidetan kolaboratzaile den Mikel Urabaien kazetaria –besteren artean ARGIAn– mugikorrarekin eszena grabatzera joan zen, bultzakada horiekin hasten zena nola amaituko zen jakin gabe. “Albiste posible baten aurrean ikusi nuen neure burua eta korrika joan nintzen grabatzera, bost metrotatik grabatuz manifestaria bultzaka ari zen polizia. Kazetaria naiz, grabatzeko eskubidea daukat errepikatzen nuen etengabe, badaezpada ere. Bera, ordea, manifestaria utzi eta niregana etorri zen”.
Lekukoek grabatu zuten bideoan ikus daiteke poliziak kazetariari kopeta-kopetaren aurka jarri ziola berehala eta eskua mugikorrera bota ziola. Urabaienek kontatzen duenez, mugikorra bizkarraren atzean jarriz babestu zuen, kazetaria zela esaten jarraitzen zuen bitartean. Zein hedabiderentzat lan egiten zuen ere galdetu zioten.
Halako batean atzetik etorritako beste hiru guardia zibilek eskuetatik heldu eta gertaera dokumentatzen ari zen mugikorra kendu zioten. “Eskumuturretatik heltzen ninduten bitartean oihuka ari zitzaizkidan esanez dokumentazioa ateratzeko, baina ezin nuen. Ezin nuela esaten nien, eta beraien erantzuna zen ez banien dokumentazioa azkar ematen, okerrago izango zela niretzat. Azkenean utzi zioten eskua patrikan sartzen eta dokumentazioa eman zien.
Bere mugikorra lurrera bota zuten poliziek, eta jaso zuenerako jada ez zen grabatzen ari, eta ordura arte dokumentatu zuena ez zegoen gordea.
Urabaienek dio inpotentzia handiarekin bizi izan zuela gertatutakoa, baina lankideen babesa asko estimatu duela. Gaur Diario de Noticias egunkariak Cuando se intenta silenciar el periodismo artikulua dakar, beren kazetariari gertatutakoa salatuz.
Autoritatearen aurkako atentatua egoztea larria eta faltsua dela dio, baina azkenean, Espainiako Gobernuaren delegaziotik egunkariko zuzendariari deitu diote esanez ez dutela salaketarik jarriko.
Astelehenean Guardia Zibilak Zizur Nagusian dagoen Esparru Gaztetxeko beste bi kide identifikatu zituen kontzentrazioa hasi aurretik.