Besteak beste, urtean 200 eta 600 milioi euro arteko zergak sortuko lituzkeela azpimarratu dute. Ondorioz, Kalamuaren Elkarteen Konfederazioak narkotrafikoaren zati esanguratsu bat Espainiako Estatuaren zerga-bilketan integratzea proposatzen du.
Kalamu elkarteen jardueraren lege erregulazioak 200 eta 600 milioi euro artean sor ditzake zuzeneko eta zeharkako zergetan soilik. Hala dio Espainiako Elkarte Kanabikoen Federazioen Konfederazioak (CONFAC) egindako ikerketak. ElDiario.es atariak CONFACen txostenetik jaso duenez, horrelako 1.500 lokal inguru daude Estatu osoan. “Azken hamarkadan Espainiako hiri gehienetan ezarri den jarduera bat antolatzeko beharra” azpimarratzen du konfederazioak, berau babesteko legeen faltan.
Espainiako narkoekonomiaren atal garrantzitsua betetzen duen marihuana trafikoa legeztatzea eta horrek sortutako irabazien zati bat funts publikoetara bideratzea da proposatzen dutena, hots, Estatua droga trafikoan parte-hartzaile izatea eta jarduera horrekin finantzatzea.
Euren ustetan, “pandemiak agerian utzi du egoera irregular hori alde batera utzi behar dela”, debekuei erreferentzia eginez. Izatez, elkarteek salatu dutenez, konfinamenduan zehar substantziaren eskuragarritasuna murriztu egin da dibertimendurako nahiz helburu terapeutikoetarako darabilten kontsumitzaileentzat, kontsumo hori eskubide terminoetan planteatuz.
Hori bai, sektore horretan ere langileak izan dira kaltetu nagusiak; izan ere, soldata kalamu elkarteetan aritzearen truke eskuratzen duten 7.500 pertsonak diru-iturri oro galdu dute aldi horretan. ABEE eta estatuko bestelako laguntzetatik kanpo geratu dira gainera.