argia.eus
INPRIMATU
Sexu abusuen biktimak “sendatzeko” plan bat onartu du Espainiako Elizak, baina ez du bete beharrik izango
  • Espainiako Gotzainen Batzarrak asteartean egindako bilkuran onartu du abusuak jasan dituzten biktimei kalte-ordain ekonomikoak ordaintzea, baina elizbarruti eta kongregazioek ez dute nahitaez bete behar izango. Espainiako Gobernuak gogor kritikatu du plana, “aldebakarrez” egin delako, biktimekin kontatu gabe.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2024ko uztailaren 10a

Elizako ordezkarien partetik hamarkadatan sexu abusuak jasan dituzten herritarrak erreparatzeko bere plan propioa onartu du Espainiako Eliza Katolikoaren organo nagusiak, Espainiako Gotzainen Batzarrak asteartean, ez-ohiko osoko bilkuran.

Bilkuran, 67 gotzainez gain, konferentzia erlijiosoetako ordezkariek hartu dute parte, eta hainbat dokumentu onartu dituzte, planaren gidalerroak zehazteko. Besteak beste, biktimei kalte-ordainak ematea, ber-biktimizazioa saihestea eta kasuak ikertzea dira aurreikusten dituzten neurrietako batzuk.

Elizak erakunde bat sortuko du, “judiziala izango ez den prozedura batekin” erantzuna emateko biktimei. Hala, kasu bakoitza banan-banan aztertu eta argitzeko zeregina izango du erakunde horrek, baina beti ere biktimak “bera sendatzeko” eskatutakoari jarraiki.

Nolanahi ere, elizbarrutiek eta Espainiako Elizan dauden 400 kongregazio erlijiosoek ez dute plan hori nahitaez bete behar izango. Irizpideak baino ez dira.

Bilkuraren amaieran Luis Argüello Espainiako Gotzainen Batzarreko presidenteak bilkuraren amaieran esan du planari buruz pentsatzen duena: "Supone una llamada a la conversión, a la comunión, de lo que hemos recibido del señor de la cruz" (Gurutzeko jaunarengandik jaso dugunerantz konbertsiorako eta komuniorako deia da).

Espainiako Estatuko Arartekoak iaz egindako txosten baten arabera, baliteke estatu osoan 440.000 lagun Elizako pederastiaren biktimak izatea. El País egunkariak zabaldutako ikerketak jadanik 2.735 kasu egiaztatu ditu eta Elizako 1.532 ordezkari daude akusaturik.

Espainiako Gobernuak ez du batere begi onez hartu Elizak plan hori onartu izana. Justizia eta Presidentzia ministro Felix Bolañosek eskatu du kalteturikoek parte hartuko duten plan bat onartzea. Espainiako Gobernuko bozeramaile Pilar Alegríak ere plana gaitzetsi du, bere esanetan aldebakarrekoa delako eta ez dituelako kontuan hartzen Espainiako Arartekoaren gomendioak.