argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Eliza katolikoak 90 milioi euro baino gehiago irabazi ditu hiru urtean
  • Elizbarrutien %80k irabazi garbiak izan ditu, eta hala ere kantitate handiak jasotzen dituzte diru-iturri publikoetatik. Espainiako Estatuak 40 urte baino gehiago daramatza instituzioa 'beharrezkoa duen sostengu ekonomikotik' gora finantzatzen.

Mikel Eizagirre 2020ko irailaren 07a
Argazkia: RTVE

Espainiako Estatuan Elizaren sostengu ekonomikoaren inguruko zalantzak piztu dira enegarrenez, Público hedabideak jakinarazi duenez. “Egokia al da funtzionatzeko behar dituen baliabideak baino gehiago dituen Elizari diru-laguntzak ematea?", planteatu du Europa Laikoa erakundeak, Gotzainen Biltzarrak 2018ko ekitaldiari buruz argitaratu duen Elizaren Jardueren azken Memoriaren azterketan.

Kontu Auzitegia bezalako erakundeek galdera bera egin dute, eta auziak garrantzi handiagoa hartu du, batez ere azken hiru memorietako datuak ikusita; 2016, 2017 eta 2018koak, hain zuzen ere. Apezpikutzak Espainiako 70 elizbarrutietako kontu kontsolidatuak zehazten ditu memori horietan, eta 55.700.000 euroko irabazi garbiak erakusten dituzte hiru urteetan. Hori gutxi balitz, beste 39.000.000 euro gehitu behar zaizkie, zergen esleipenaren kudeaketari lotutakoak. 94.700.000 euro garbi bildu zituzten orotara.

Agiri horien arabera, Espainiako elizbarrutiek 924 eta 974 milioi euro arteko diru-sarrerak izan zituzten urte horietan. Gastuak, berriz, 908 eta 954 milioi euro bitartekoak izan ziren. Ondorioz, 16 eta 20,3 milioi euro arteko irabaziak izan zituzten orduan.

Enpresa efizientea

Funts horien laurdena baino zertxobait gutxiago (%24 inguru) Estatuaren tributu-esleipenetik zetorren, hots, zergadunek PFEZren konfesio-laukian "x" jartzen dioten ataletik. Herena baino zertxobait gehiago (%36) dohaintza bidez iristen zaie, eta gainerakoa (%40), berriz, merkataritza, ekonomia eta finantza-jardueraren bidez. Gastuen helburu nagusiak honakoak izan ziren: 348 milioi euro soldatetan, 271,7 milioi eraikinen kontserbazioan eta funtzionamenduan, 220,7 milioi pastoral-jardueretan, eta 88,9 milioi berriz, “ezohiko gastuentzat”.

Estatuaren gonapean

Elizbarrutien %80ak superabita izan zuen 2017an, eta %60ak 2018an. Memoriek adierazten dutenez, emaitza horietarako funtsezkoa da urtero PFEZetik jasotzen duten funts publikoen kopuru nabarmena: euren memoriek diotenari jarraiki, 2014 eta 2018 artean Apezpikuen Konferentziak jasotako 1.290 milioietatik 1.004,8 zuzenean gotzaindegietara bideratu ziren.

Apezpikutzak funts publikoen kudeaketan duen superabita, publizitatean urtean lau milioi euro baino gehiago bideratzen dituena, 39 milioira iritsi zen azken hiru urte horietan. Superabit horren 15,2 milioi euroko soberakina erreserba funts batera bideratzen dute, eta elizbarruti osoaren soberakina, berriz, “aurreko urteetan sortutako zorpetzea murriztera".

Hitza jan

"Nola da posible apezpikutzari soberan geratu izana (...), alde guztietatik diru-kutxa publikoak harraparitzan zukutzen dituen bitartean?", Europa Laikoa erakundearen txostenaren arabera, "Superabitak egoteak Eliza Katolikoarekin hartutako konpromisoa gainditzen ote duen" planteatzen du, izan ere, 1979ko konkordatuaren helburua, ustez, Elizaren "sostengu ekonomiko egokia lortzea" omen zen, eta ez hari irabaziak ematea.