Espainiako Eliza Katolikoak onartu du adingabeei egindako 1.057 sexu-gehiegikeria gertatu direla Elizan. Urteetan abusuak gertatu izana ukatu du edo kasuei garrantzia kendu die. Duela gutxira arte, Espainian salaketa gutxi zeudela edo salaketarik ez zegoela defendatu du Elizak. Edonola ere, aitortutako kopurua oso-oso txikia da. Espainiako Arartekoaren ikerketaren arabera, 440.000 dira pederastiaren biktimak Elizaren barruan.
Espainiako Eliza Katolikoak orain 1.000tik gora kasu onartu baditu ere, iazko urte hondarrean kopuru txikiagoak erakutsi zituen. 2023ko abenduan aurkeztu zuen Espainiako Estatuko Gotzainen Biltzarrak “Para dar luz” txosten ofiziala. Otsailaren 26an, Público egunkariak jaso duenez, txostenak “inkongruentziak dauzka, datuak manipulatuta, eta ukatutako egiak”. Besteak beste, hainbat elizbarrutik eta ordena erlijiosok Espainiako Arartekoak emandako datuak jaso gabe zeuden zerrenda horretan. Adibidez, maristen kongregazioaren datuak ez daude jasota txostenean, eta kongregazio hori da, jesuiten ondoren, salaketa gehien duena. Hedabideetan toki garrantzitsua izan zuen Bermeoko kasua ere ez da ageri, alegia, menesianoen San Jose ikastetxean gertatutakoa.
Biktimek aurkeztutako sexu-gehiegikerien hirutik bat baino ez du onartu “frogatutzat” eta gehienak “frogatu gabeak, baina sinesgarriak” moduan izendatu ditu hierarkia katolikoak.