argia.eus
INPRIMATU
Espainiako ejertzitoa Bardeak bonbardatzen hasi da abisurik eman gabe
  • Natur Parkeko hainbat errepidetan ibiltzea debekatu du Bardeetako Komunitateak, tiro poligonoan “benetako armak” erabiltzen ari direla-eta.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2015eko irailaren 15
Espainiako Defentsa Ministerioak ez du bonbardaketen berri eman.

Irailaren 14tik Espainiako Ejertzitoa benetako bonbak erabiltzen ari da Bardeetan. Diario de Noticias egunkariaren arabera Espainiako Gobernuak ez ditu maniobra horiek jakinarazi eta ez daude zuzenean lotuta NATOk laster egingo dituenarekin.

Urrian izango dira NATOren azken hamarkadatako ariketa militarrik handienak. Bardeetan 1.300 soldadu ariko dira gerrarako prestatzen. 

Errefuxiatuen krisia dela-eta Frantziak eta Ingalaterrak Siriako operazio militarretan parte hartuko dutela egindako iragarpenarekin batera hasi ditu Espainiako Ejertzitoak oraingo bonbardaketak. Hiru astez jardungo dira militarrak, hori bai, hainbat etenaldi egingo dituzte, besteak beste Game of Trones telesaila grabatzeko orduan.

Errepideak itxita, historian lehen aldiz

Bardeetako Komunitateak Natur Parkeko hainbat errepide itxi ditu historian lehen aldiz. Hala, bere webgunean jakinarazi du (gaztelaniaz, frantsez eta ingelesez) tiro poligonoaren hegoaldean ibiltzea debekatuta dagoela 9:15etatik 17:30era, irailaren 14tik 16ra, 28tik urriaren 2ra eta urriaren 5etik 9ra.

Azkeneko maniobra militarretan bonba batek tiro poligonoko segurtasun eremutik kanpo egin zuen eztanda, hainbat lagun zeuden tokitik gertu; eta uztailean turista katalan bat balaz zauritu zuten segurtasun eremutik kanpo zebilen helikoptero batetik tiro eginda.

Erakunde eta alderdiak azalpen eske

Bardeetako ariketa militarren aurrean, tiro poligonoaren kontrako ekimen instituzionalek indarra hartu dute Nafarroan. Hala, abuztuaren 31n Nafarroako Parlamentuak poligonoa desegiteko eskatu zuen berriz ere, eta orain Espainiako Gobernuko delegatu Carmen Albak azalpenak emateko EH Bilduren eskaria onartu du.

Bestalde, Espainiako Kongresuan Geroa-Baiko diputatu den Bixente Serrano Izkok Pedro Morenes Defentsa ministroaren agerraldia eskatu du Bardeetako bonbardaketak direla-eta.

Amaiurrek ere salatu ditu Espainiako Ejertzitoaren azken maniobra militarrak ohar bidez. Sabino Cuadra koalizioko diputatuaren esanetan “beti bezala, azken unean jakin dugu” ariketen berri.

Izquierda-Ezkerrako NATOk aurki egingo dituen maniobren inguruko informazioa eskatuko du Europako Legebiltzarrean, “Gerra Hotzaren garaitik egingo diren handienak”, bere esanetan.