argia.eus
INPRIMATU
Espainiako dozenaka espetxetan bisean bisak eten dituzte
  • Sarek eta Etxeratek jakinarazi dituzte neurri berriak. Osasun larrialdiari lotuta egonagatik ere neurrien aurka agertu dira bi elkarteak, eta presoek eta beren senideek “garai oso zailak” bizi dituztela ohartarazi dute.

ARGIA @argia 2020ko irailaren 21a

Espainiako Estatuko 30 espetxe ingurutan bisean bisak eten egin dituzte, Sarek eta Etxeratek jakinarazi dutenez. Presoen bizi baldintzak gogortzea ekarri du neurria, eta azaldu dute, gainera, “urruntze politikari eusteak eta euskal presoei salbuespenezko erregimena aplikatzeak” egoera are larriagoa bihurtzen duela.

Bidean bisak eten ez diren espetxetan, murriztu edota egunez aldatu dituztela azaldu dute Etxeratek eta Sarek. Murrizketei dagokionez, pertsona bat edo bi sartu daitezke soilik bisean bisetara. Zenbait espetxetan bisita egunak asteburutik aste bitartera mugitu dituzte. Horren guztiaren ondorioz, senide batzuk sei hilabetetan ikusi ez dituzten presoak daudela salatu dute bi elkarteek.

Espetxe politika berri baten aurkako lobbya, gero eta indartsuago

Astelehenena Foro Sozial Iraunkorrak ere egin ditu adierazpenak espetxe politikaren inguruan. Foroak ziurtatu du Espainian espetxe politika aldatu ez dadin presioa egiten duen “lobby batek gero eta eragin handiagoa” duela: “Lobby hau iraganeko logiketan oinarrituta dago, eta gai honetan egin beharreko urratsak baldintzatu nahi ditu, batez ere politika instituzionalean, baina baita ebazpen judizialak edo administratiboak ere”. Foroaren esanetan, lobbya esparru ezberdinetako elkarte eta pertsonek osatzen dute, besteak beste “eragile politikoak, asoziatiboak, mediatikoak, biktimen sektore antolatuak eta fiskaltzaren eta epaileen sektoreak”.

Adierazpen horiek Madrilen antolatu dituen jardunaldi batzuk aurkezteko prentsa agerraldian egin dituzte Foro sozialeko ordezkariek. Ostegunean izango dira jardunaldiak, Euskal Herria: espetxe politika berri bat normaltasun berri baterako izenburupean.