argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Defentsa ministroak ez du azalpenik eman behar izango Zabalza kasuaz
  • EH Bildu alderdiak salatu duenez, Espainiako Kongresuko Mahaiak atzera bota du Defentsa ministroak azalpenak emateko egindako bere eskaria, "aurreko legegintzaldi bateko jokabideak baloratzea" litzatekeelako, honen ustez.

ARGIA @argia 2021eko martxoaren 04a
Margarita Robles Espainiako Defentsa ministroa (arg.: Espainiako Gobernua)

Margarita Robles Espainiako Gobernuko Denfentsa ministroak ez du azalpenik eman behar izango 1985ean Guardia Zibilen eskuetan hildako Mikel Zabalza orbaiztarraren kasuaren inguruan. Berriki zabaldutako audio batek torturaturik hil zela frogatzen du, Pedro Gómez Nieto Guardia Zibileko kapitaina entzuten baita, Luis Alberto Perote CESIDeko koronelari azaltzen nola torturatu zuten Donostiako Intxaurrondoko koartelean.

EH Bilduk egitasmoa aurkeztu du Espainiako Kongresuko Mahaian, Defentsa ministroak argitu dezan Perote koronelaren inplikazioa heriotza horretan; baina salatu duenez, mahaiak atzera bota du bere eskaria: "Aurreko legegintzaldi bateko Gobernu baten jardueren balorazioa da eskatzen dena. Espainiako Gobernuaren eskumenetik kanpoko gaiei buruzkoa izango litzateke", argudiatu du legebiltzar espainiarreko organoak.

Koalizio abertzalearentzat "larria" da erabaki hori, "milaka euskal herritarrek jasandako tortura sistematikoaren aurrean, 78ko erregimena blindatzea eta zigorgabe mantentzea" suposatzen duelako. Are gehiago, ekimenari "betoa" jartzeak agerian uzten du "Espainiako Estatuko botere-egituren isiltasuna eta inpunitatea".

EH Bilduk gogorarazi du Eusko Jaurlaritzaren aginduz egindako ikerketa batek 1960 eta 2014 artean 4.200 tortura kasu identifikatu dituela.